Europar Batasuna
40 urtez gorakoei, adinekoei eta zaurgarriei hirugarren dosia lehenbailehen ematea eskatu du Europak
Agentziak | EiTB Media
Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) ohartarazi duenez, EBn txerto kontsumoaren batez besteko maila ez da nahikoa izango neguan covid-19 kasuak eta ospitaleratzeak mugatzeko. Kutsatzeak geldiarazteko neurriak eta txertoak, biak, beharrezkoak direla aldarrikatu du.
Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) txosten berri bat zabaldu du. 2022ko urtarrilaren 31ra arte pandemiaren bilakaeraren aurrean biztanleriak izango duen arriskua aztertzen du ikerketak. Oraindik txertoa jaso ez dutenak txertatzea; oporraldian zehar osasun publiko neurriak mantentzea eta, ahal den neurrian, 40 urtez gorakoei, adinekoei eta pertsona zaurgarriei hirugarren dosia lehenbailehen ematea eskatu die Europar Batasuneko herrialdeei.
Txostenaren berri izan bezain pronto, Urusula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, "pandemia kontrolatzeko txertaketa areagotu behar dugula argi dago". Horretarako, oraindik immunizazioaren aurka dagoen biztanleria "konbentzitzea" espero du buruzagiak.
New @ECDC_EU risk assessment is clear: we must step up vaccination to control the pandemic.°
— Ursula von der Leyen (@vonderleyen) November 24, 2021
We want to convince people to get vaccinated.°
Boosters should be available for adults, with priority for people over 40 and vulnerable people.°
And let's keep distance and masks!
Txostenak ohartarazi duenez, EBn txerto kontsumoaren batez besteko maila ez da nahikoa izango neguko hilabeteetan zehar covid-19 kasuak eta ospitaleratzeak mugatzeko.
Ondorioz, hasiera batean, covid-19 txertaketaren helburu ziren pertsonei lehentasuna ematea eskatu die herrialdeei, batez ere, txertorik jaso ez dutenei edo oraindik txertaketa bukatu ez dutenei.
Era berean, adin tarte guztietan covid-19aren aurkako babesa areagotu behar dela uste du ECDCk, hau da, 18 urtez gorakoen artean, baina bereziki adineko, zaurgarri eta osasun langileen artean; agintarientzat "lehentasuna izaten jarraitu behar dute".
Azkenik, immunizazio aholkulari talde teknikoei zuzendu zaizkie ECDCk, 40 urtez gorakoei hirugarren dosia lehenbailehen ematea aztertzeko.
Hala ere, txertoak eragina izateko asteak igaro behar direnez, osasun neurriak eta segurtasun distantzia mantentzea eta maskara erabiltzea eskatu du.
Gaur egun, mundu osoko koronabirus kasuen bi herenak Europan hautematen dira. Aurreko astean 3,6 milioi positibo zenbatu ziren, Munduko Osasun Erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera. Azken bost asteetan kutsatzeek gora egin dute eta Europa da goranzko joera mantentzen duen eskualde bakarra, % 11 azken astean.
Asteko txertaketa erritmoak "behera" egin du
Txostenak ohartarazi duenez, asteko txertaketa erritmoak "behera" egin du, eta biztanleria gazteenari esker bakarrik aurrera egiten ari da. Horregatik, txertoa jaso ez dutenengana iristea eskatu du, EBko herritarren % 65,4 soilik immunizaturik daudelako, eta helduen % 76,5.
Gainera, lau herrialde oraindik % 50aren azpitik daude txertaketa mailan.
ECDCk gogorarazi duenez, txertaketak heriotzak saihestu eta ospitaleratzeak zein kutsatzeak murrizten ditu EBn, nahiz eta Delta aldaera agertu eta dagoeneko nagusi izan. Delta aldaera Alpha (B.1.1.7) baino % 60 kutsakorragoa da.