Itxi

KORONABIRUSA

Auzitegi Gorenak abenduaren 7an erabaki dezake covid ziurtagiriaren inguruan

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

EAEko Auzitegi Nagusiak covid ziurtagiria ezartzeko aukera ukatu ostean Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako helegitea Auzitegi Gorenera heldu da. Errekurtsoari buruzko informazioa eskatu dio Gorenak Fiskaltzari eta gero bost eguneko tartea izango du erabakia hartzeko.

Covid ziurtagiria. EiTB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Eusko Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezarri nahian jarraitzen du. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak covid pasaportea eskatzeko baimena ukatu ostean, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu du Auzitegi Gorenean. Atzo iturri judizialek baieztatu zutenez, errekurtsoari buruzko informazioa eskatu dio jada Auzitegi Gorenak Fiskaltzari, eta gero bost eguneko tartea izango du erabakitzeko. Gauzak horrela, abenduaren 7an har dezake erabakia.

Jaurlaritzaren asmoa zen covid pasaportea nahitaez erakutsi behar izatea hainbat tokitan: 50 lagun baino gehiago hartzeko lekua duten jatetxeetan, diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizuna duten dantzalekuetan, musika-tabernetan eta karaokeetan, baita pubetan eta taberna berezietan ere, baldin eta udalerriaren intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa denean.

Eusko Jaurlaritzatik diotenez, eskubide murrizketa orok "beharrezkoa eta aproposa" izan behar du goragoko eskubide bat babesteko, bizitzarako eta osasunerako eskubidea kasu. Gainera, intzidentzia metatua 150 kasutik gorakoa denean covid ziurtagiria Euskal Autonomia Erkidego osoan eskatzea justifikatu du, lurralde txikia eta mugikortasuna handia izanik.

Atzo, hiru eguneko epean alegazioak aurkezteko eskatu zien Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien 4. Aretoak Fiskaltzari eta aldeei.

Epe hori igarota, covid ziurtagiria baimendu ala ez ebatzi beharko du hurrengo bost egunetan. Ondorioz, atzotik hasita, gehienez ere zortzi eguneko tartean iritsiko da erabakia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)