Itxi

UDAZKENEKO DENBORALEA

Uholdeak espero dira EAEn

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Uholdeei Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdietarako Plan Bereziaren emergentzia fasea aktibatu dute. Nafarroa erdialdea alerta gorrian dago elurragatik, eta Iparraldean abisu horia dago euriagatik eta alerta laranja elurragatik astelehen eguerdira arte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eguraldi iragarpena bete da, eta, aurreikusita zegoen bezala, lehenengo elur malutak izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Euri zaparradak ere mardulak izaten ari dira, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. 09:00etan, 500-600 metroan zegoen elur kota, eta 1.100 inguruan izango da eguna amaitzerako. Eguerdian desaktibatu da elurragatiko alerta EAEn, eta une honetan euriagatiko alerta laranja dago indarrean, biharko 09:00ak arte. Azken egunotako euriari, gainera, tenperaturak eta elur-maila igotzeak ekarriko duen urtzearen ura gehituko zaio arratsaldean eta uholdeak izan daitezke ohiko tokietan gauean.

Aurreikuspen horiekin, Uholdeei Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, eta gaur goizean zehar aztertzen joan dira egoki dagoen edo areagotu egin behar den alerta maila hori. Hala, 15:00etatik aurrera mailaz igotzea erabaki dute.

Eguerdian Josu Erkoreka lehendakariordea eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua URAren egoitzan (Gasteiz) bildu dira euren taldekideekin, Plan Bereziaren bilakaera aztertzeko, eta hor hartu dute erabakia.

Okerrena gauerako eta goizalderako espero da.

Elurra Nafarroan eta Iruñean

Bestalde, AEMETek alerta gorria ezarri du Nafarroako Erdialderako elurragatik. 600 metrotik gora 25 zentimetroko lodiera pilatzea espero da.

Iruñean elurra egin du, Sakanan, Leitza aldean....

Ipar Euskal Herrian ere, elurrak eta euriak arazoak eragitea aurreikusi dute, eta Pirinio Atlantikoetako Prefekturak abisu horia ezarri du euriagatik eta alerta laranja elurragatik, biharko 12:00ak arte.

Eguraldiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu eitb.eus webgunean eta bidali argazkiak.

Bideoak (5)

Informazio gehiago (1)

Galeriak (1)