Itxi

Koronabirusa

Sagarduik ohartarazi du pandemiaren joera "benetan kezkagarria" dela

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Sailburuak jakinarazi du larunbatean 37 pertsona ospitaleratu zituztela, tartean haur bat, eta horrek arreta sarearen egoera zailtzen duela.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: EiTB

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du pandemiaren joera "benetan kezkagarria" dela gaur egun EAEn, izan ere, atzo 800 positibo inguru atzeman zituzten eta ospitaleratzeak izan ziren, tartean haur batena. Bestalde, Sagarduik zehaztu du positiboen artean oraingoz ez dutela Omikron aldaera berriaren kasurik aurkitu.

Sagarduik Bilbon adierazi duenez, atzo 800 bat kasu baieztatu zituzten, eta larunbatetan normalean proba gutxiago egiten direnez, positibotasuna altua izango da, eta intzidentziak gora egiten jarraituko du.

Gainera, sailburuak azaldu du beste 37 pertsona ospitaleratu zituztela gaitzak jota, tartean haur bat, eta horrek arreta sarearen egoera zailtzen duela.

ZIUetan ere igotzen ari da gaixo kopurua, nahiz eta batzuk atera diren, "hildako batzuk, zoritxarrez".

EAEko ospitaleetan ostegunean 215 pertsona zeuden covid-19agatik ingresatuta, eta horietako 36 zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan.

"Argi dago ez garela pandemiaren joera gelditzen ari", azpimarratu du Sagarduik, egoera "benetan larria" dela ohartarazteko.

"Beste neurri batzuk behar badira, hartu egin beharko dira"

Sailburuak esan du pandemia gogortzen ari dela, "prebentzio neurriei eusteko deialdia egin bada ere". Horregatik, aurreratu duenez, "beste neurri batzuk behar badira, hartu egin beharko dira".

Omikron Hegoafrikan atzemandako koronabirusaren aldaera berriaz galdetuta, argitu du "oraingoz" ez dela kasurik aurkitu EAEn, baina "alertan" daudela.

Negazionistak

Atzo Bilbon negazionistek egin zuten manifestazioari buruz, Sagarduik erantzun du ez dituela "ulertzen", ez duela "haien elkartasun eza ulertzen".

Sailburuak azpimarratu du txertoen eta musukoaren erabileraren eraginkortasuna "frogatuta" dagoela. "Zer da ulertzen ez dutena?", galdetu du Sagarduik, negazionistek euren buruaz gain gainerako herritarrak ere arriskuan jartzen dituztela adierazi aurretik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)