Kargatzen...
Itxi

Uholdeak Bizkaian

Nerbioi eta Cadagua ibaiek gainezka egin dute Basaurin, Balmasedan, Sodupen, Zallan eta Gueñesen

Eitb Media

Leer en Castellano

Jaurlaritzak dagoeneko bertan behera utzi du uholde arriskuari aurre egiteko Larrialdietako Plan Berezia, eta egoerak hobera egin du orduek aurrera egin ahala.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Asteburuko euri denboraleak Bizkaia jo du gogorren. Gauerditik egunsentira bitartean 42 litro pilatu dira Balmasedan, lurraldearen mendebaldean, eta Galindo inguruan (Barakaldo eta Sestao artean) ordubetean 20 litro metatu dira metro koadroko.

Cadagua ibaiak gainezka egin du azken orduetako euriteen ondorioz, eta uholde txikiak eragin ditu Balmasedan, Sodupen, Zallan, Arangurenen eta Gueñesen (Bizkaia). Basaurin ere gertatu da, Nerbioi ibaiak gainezka egin ostean.

Zorrotzan, Cadagua eta Ibaizabal ibaiak elkartzen diren tokian, 15 auto inguru ur azpian geratu dira Clara Campoamor kaleko tunelaren inguruan. Askotan urpetzen den gunea da, ibaiaren mailan dagoelako. Auzo bereko beste bi kale ere hartu ditu urak: Marino Archer eta Arsenalbidea. 

Olabeaga auzora sartzeko bideetan ere arazoak izan dira, ur-putzuak tarteko. Horrez gain, lehen orduan, Plaza Berriko aparkalekuko sarbidea itxita egon da tarte batez, estoldak jausitako ura bideratzeko ahalmenik izan ez duelako.

Guztira, 55 esku-hartze egin dituzte Larrialdi zerbitzuek Bilbon.

Alonsotegin Cadagua ibaia indartsu jaitsi da eta uholde batzuk ere eragin ditu.

Era berean, ur-putzuen ondorioz, Renferen Muskiz eta Barakaldo arteko linearen zirkulazioa eten behar izan dute, eta zerbitzua autobusez egiten ari dira, konpainiak jakinarazi duenez.

Barakaldon, El Regatoko ikastetxeak bertan behera utzi ditu eskolak, Castaños errekak gainezka egin eta zentrora joateko errepidea ur azpian utzi duelako. Ikastetxeko zuzendaritzak argitu duenez, bihar berrekingo diote jarduerari.

Zuazo, Gurutzeta, Retuerto eta Lutxana auzoetan ere arazoak izan dira urak hainbat garaje hartu dituelako.

Trafikoari dagokionez, itxita jarraitzen du Kareaga ingurua (N-634), Max Center parean, ur-putzuak direla eta.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, laster zabalduko dute BI-625 errepidea (Urduña eta Bilbo lotzen dituena); lur-jausia izan da goizaldean eta bidea garbitzen amaitu behar dute.

Bestalde, BI-636 errepidea, Balmaseda parean (La Encartada museo parean), itxita dago oraindik, baina espero dute errei bat irekitzea laster.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke: Denboralearen zuzeneko kontaketa

Nerbioi ibaia bere ubidetik atera da Basauriko Urbi eta Ariz auzoen parean. Ondorioz, hainbat kale zirkulaziora itxi dituzte eta hainbat etxabe urez bete dira.

Udalak ohar batean jakinarazi duenez, krisi mahaia bildu da goizean eta udal larrialdi plana aktibatu dute.

Gueñesko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Cadagua ibaiak arazo ugari eragin ditu herrian eta inguruetan. Ibaiak gainezka egin du Anieta inguruan Santxosolon; Allende Zelaian eta Elubarrin, Sodupen; Iorgiko Erriberan, Askatasunan eta Ibarran Quadran eta Zaramilloko Eretza kalean.

Euriteek arazo ugari eragin dituzte errepideetan ere, eta BI-365 errepidea eta bidegorria itxita daude Sodupe eta La Quadra artean, Las Jarretas parean. Bestetik, Sologutxitik Lambarrirako bidea eta Artxube eta Santxosolo artekoa eta Ubide bidea ere itxita daude. 

Hobera egingo du, arratsaldean

Goizak aurrera egin ahala, behera egiten ari da uraren maila puntu askotan. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, denboralearen okerrena pasatu da dagoeneko. Hemendik aurrera kalteak neurtzeko eta kaltetutako inguruak garbitu eta leheneratzeko garaia da.

Bideoak (5)