Koronabirusa
Ikastetxeetan baheketak azkartuko ditu Hezkuntza Sailak, listu bidezko PCR proben bidez
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Jokin Bildarratz buru duen Sailak jardunbidea aldatu du. Aurrerantzean, familiak ez dira arakatzailearen deiaren zain egon beharko, eta osasun zentrora joan ahalko dira zuzenean, han listu bidezko proba egitera.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan baheketak egiteko prozesua azkartuko du, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri duenez. Hala, aurrerantzean, ikasgela batean agerraldia dagoen bakoitzean, familiak osasun zentrora joan ahalko dira zuzenean eta han listu bidezko PCR proba egingo diete haurrei.
Gobernu bileraren osteko agerraldian egin du iragarpena Bildarratzek. Azaldu duenez, ikasgela batean agerraldia dagoen bakoitzean eta dagokion OSIak (eskualdeko osasun erakundea) baheketa egitea beharrezkoa dela irizten dionean, ikastetxeari jakinaraziko diote "berehala", eta horrek erasandako familiei.
Helburua da, Bildarratzen hitzetan, familiak osasun zentrora zuzenean joatea, haurrei listu bidezko PCR bat egiteko. "Emaitza askoz arinago izango dugu, eta proba ez hain agresibo batekin". Orain arte, arakatzailearen deiaren zain egon behar ziren familiak.
"Balizko kasuak atzemateko modua azkartuko dugu, ikasgeletan aurrez aurrekoa sustatuko dugu eta familiei lasaitasuna emango diegu", azpimarratu du.
Prozedura aldaketaren berri emateko gutuna bidali die gaur bertan Hezkuntza Sailak ikastetxeei.
Koronabirusak ikastetxeetan duen eraginari dagokionez, Bildarratzek gaurko datuak aurreratu ditu. 85 eskoletako 190 ikasgela daude itxita, kopuru osoaren % 1,09.