Itxi

Koronabirusa

Durangoko Azoka barruan zein kanpoan "arduraz" aritzeko deia egin dute Udalak eta Gerediagak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Argi dute "guztion osasuna bermatzea dela lehentasun nagusia". Horregatik, segurtasun neurri guztiak "zorroztasunez" betearaziko dituzte, nola Azoka barruan, hala hortik kanpo.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Durangoko Azokak 56. edizioa hasiko du larunbatean, abenduaren 4an, eta Udalak eta Gerediaga elkarteak deia egin diete Bizkaiko udalerrira joango diren euskal herritar guztiei Azoka barruan zein kanpoan eta herri osoan "arduraz" aritzeko, osasun egoera dela eta.

Udaleko eta Gerediagako arduradunek agerraldia egin dute astearte honetan Durangon bertan, Euskal Editoreen elkarteko, Musika Bulegoko eta herriko ostalaritzako ordezkariekin batera, Azoka dela-eta Durangora hurbilduko direnei eskaera hori egiteko.

"Azoka gerturatzen doan heinean, gure ahalegin guztiak biderkatu behar ditugu Durangoko Azokan eta Durango osoan osasun eta segurtasun neurri guztiak errespetatu daitezen", nabarmendu dute.

Aurtengoa berriz ere Durangoko Azokaren "edizio berezi bat" izango dela esan dute. "Iazko Azokaren ostean, uste genuen aurtengoak beste urte batzuetako antzeko kopuruak izango zituela. Dena den, eta azken asteetan pandemiak izandako eboluzioa dela eta, neurri zorrotzak hartu behar izan ditugu guztion osasuna zaintzeko", gaineratu dute.

Horrela, Gerediaga elkarteak Durangoko Azokarako hartuko dituen neurriak aztertu ditu Udalak, Jaurlaritzak zehazten dituen irizpideak betetzen dituen ala ez ikusteko. Bada, behin ikusita Jaurlaritzaren irizpideak betetzen dituela, Udalak txosten tekniko bat helarazi zion Azoka ospatzeko baimena emanez.

Edonola ere, azpimarratu dute Durango osoan osasun eta segurtasun neurriak mantendu behar direla. "Horregatik, dei berezia egin nahi diegu Euskal Herritik datozen kulturzale guztiei errespetuz joka dezaten. Durangok ateak irekitzen dizkien bezala, errespetuz eta erantzukizunez bizi nahi dugulako Durangon", adierazi dute.

Azokaren arduradunen hitzetan, "azken egunetan ikusi dugu arduraz jokatzen badakigula. Hor izan ditugu, besteak beste, kontzertu erraldoiak edota alderdi politiko ezberdinen ekitaldiak, kalean zein barrualdean. Euskal kulturaren erakusleiho honetaz gozatzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritarrak, baina beti arduraz jokatuz, bai Landako Gunean eta baita kanpoan ere. Behin eta berriz esan dugun bezala: arduraz barruan, eta arduraz kanpoan".

Horrela, Gerediagatik eta Durangoko Udaletik "esfortzu oso handia" egiten ari dira aurtengo Azoka ospatu dadin, kulturzaleak eta kultur eragileak laguntzeko asmoz. Dena den, argi dute "guztion osasuna bermatzea dela lehentasun nagusia".

Horregatik, segurtasun neurri guztiak "zorroztasunez" betearaziko dituzte, nola Azoka barruan, hala hortik kanpo, "kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza berdina direlako". "Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa izango da guztion konpromisoa", gaineratu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (1)