KORONABIRUSA
Covid ziurtagiria aste honetan jarriko dute martxan Euskadin
N. B. | EITB MEDIA
Osasun Sailaren agindu baten bidez jarriko da abian, Eusko Jaurlaritzak baimen judiziala ofizialki izan ondoren. Gaueko aisialdian eta 50 lagunetik gorako jatetxeetan izango du eragina.
Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorenaren epaia osorik jasotzeko zain dago, Eusko Jaurlaritzari arrazoia ematen diona, Euskadin covid ziurtagiria eskatzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, gaur jasotzen ez badute, bihar jasotzea espero dute.
Covid ziurtagiriaren eskakizuna Osasun Sailaren agindu baten bidez jarriko dute martxan, Eusko Jaurlaritzak baimen judiziala ofizialki izan eta gero, eta ez luke LABIk erabaki beharko, lehendakariak zehaztu duenez.
Covid ziurtagiriak Euskadiko gaueko aisialdian eta 50 lagunetik gorako jatetxeetan izango du eragina.
Bestalde, Urkulluk asteazken honetan adierazi duenez, covid ziurtagiriaz gain, Eusko Jaurlaritzaren asmoa osasun larrialdia deklaratzea da, "adierazle jakin batzuek gomendatzen duten egoera batera iritsi garelako".