Itxi

Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak ikasturte osoan eutsiko dio jardunaldi trinkoari

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Itxitako ikasgelen eta positibo eman duten haurren kopuruak gora egin du nabarmen, eta hala, jardunaldi jarraitua mantentzea erabaki du Hezkuntza Departamentuak.

Ume bat ikasgela batean. Artxiboko argazkia: Irekia

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak gaur iragarri duenez, 21-22 ikasturtea amaitu arte egongo dira ikastetxeak jardunaldi trinkoan. Pandemiak bilakaera negatiboa izan du azken hilabetean, eta hori dela-eta hartu dute erabakia hezkuntza eta osasun arduradunek. Era berean, Gabonetako ekitaldi jendetsuak ez antolatzeko deia egin diete ikastetxeei.

Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak prentsaurreko batean eman du erabakiaren berri. Horren hitzetan, "hezkuntza esparruko pandemiaren eboluzio negatiboa, ikasgela konfinatuen eta ikasle positiboen ageriko hedadura eta jai-egunen zubiarekin eta Eguberriko oporrekin markatutako epe labur eta ertaineko ikuspegia eta horrek urtarriletik aurrera osasun arloan elkarri ahal izango lituzkeen ondorioak kontuan hartuta" ebatzi dute.

Azaldu duenez, Nafarroako hezkuntza komunitateko kide ezberdinek adostutako neurria izan da. Hezkuntza Departamentuaren ustean, egungo eskola jardunaldiari eusteko erabakia da "neurririk egokiena eskola jardueraren garapenari dagokionez ikastetxetan ikasleen presentzialtasuna bermatzeko eta covid-19arekiko segurtasuna mantentzeko".

Era berean, Hezkuntza Departamentuak gutuna bidali dei ikastetxe guztietara. Zirkular horretan eskatu diete ez ditzatela antolatu Eguberri jaiekin lotutako inolako ekitaldirik, prebentzio neurri bezala.

Azkenik, 5-11 urteko haurren txertaketa kanpainaren harira, Gimenok esan du Osasun Departamentuarekin harremanetan daudela, baina oraingoz ez dutela txertaketa planik adostu. Hortaz, ez dute zehaztu dosiak eskoletan bertan edo bestelako lekuetan jarriko dituzten.

Nafarroako Gobernuaren aurreikuspena da lehen txerto pediatrikoak abenduko bigarren hamabostaldian jasotzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)