Itxi

Koronabirusa

Ikastetxeko zuzendaritzaren baimenarekin soilik eskatu ahalko dira listu bidezko PCR probak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ikastetxeetako baheketetan listu bidezko PCR probak egiteko plana dela eta, Hezkuntza eta Osasun sailek argitu dute ikastetxeak hala eskatuz gero soilik joan daitekeela osasun zentroa listu bidezko testa egitera.

Haurrak Donostiako ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen ikastetxeetan baheketak azkartzeko listu bidezko PCR probak egingo dituztela aurrerantzean. Hala, ikasgela batean agerraldia dagoen bakoitzean, familiak osasun zentrora joan ahalko dira eta han listu bidezko PCR proba egingo diete haurrei.

Alabaina, gaur, Hezkuntza eta Osasun Sailek oharra kaleratu dute osasun zentroan listu bidezko PCR proba bat eskatzeko ikastetxearen jakinarazpena izatea ezinbestekoa dela horretarako.  

"Ikastetxeak horrela egiteko jakinarazpena bidaltzen duenean soilik joan ahalko da familia bat osasun zentrora testa egiteko materialaren bila. Nork bere kabuz ezin du listu bidezko testik egitea eskatu. Ikastetxearen jakinarazpena derrigorrezkoa da", argitu dute ohar batean.

Gauzak horrela, irizpideak jarraitzeko deia egin diete familiei, osasun zentroak kolapsatzea ekiditeko eta aztarnarien lana ez oztopatzeko.

Bestalde, Osasun Sailak berretsi du baheketatan listu bidezko PCR probak egin ahal izateko antolaketa lanetan segitzen duela.

 

 

 

 

Albisteak (1)