Koronabirusa
EBn txertaketa derrigortzeaz eztabaidatu nahi du Von der Leyenek
Agentziak | EiTB Media
Europako biztanleria osoaren % 66k txertoa jaso du, baina heren batek, hau da, EBko 150 milioi herritarrek ez dute sendagairik hartu, nahiz eta "gehiengo zabal batek horretarako aukera izan".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Europar Batasunaren baitan "eztabaida" bat eskatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteazken honetan, koronabirusaren aurkako txertaketa derrigortzeko aukera aztertzeko; izan ere, biztanleriaren zati batek ez du dosirik jaso nahi.
"Eztabaida hau orain izatea egokia eta ulergarria dela uste dut: EBn txertaketa derrigorrezkoa izatea. Eztabaida beharrezkoa da, ikuspegi komuna izateko", esan du Von der Leyenek prentsaurrekoan, Bruselan.
Iritzi "pertsonala" dela zehaztu du Batzordeko buruzagiak, Estatu kideei "gomendiorik" egiteko botererik ez duelako; izan ere, osasun arloan eskumen esklusiboak dituzte estatuek.
Hala ere, Alemaniako ministro ohi eta medikuak deitoratu du pandemiaren testuinguru "izugarri" batean "bizitzak salbatzen dituzten txertoak" existitzea eta, hala ere, "toki guztietan modu egokian ez erabiltzea".
Bruselak asteazken honetan bertan emandako datuen arabera, Europar Batasuneko biztanleria helduaren % 76k covid-19aren aurkako txertaketa bukatu du.
Europako biztanleria osoaren % 66k txertoa jaso du, baina heren batek, hau da, EBko 150 milioi herritarrek ez dute sendagairik hartu, nahiz eta "gehiengo zabal batek horretarako aukera izan".
Horregatik, txertaketa kanpainekin jarraitzea eta hirugarren dosiaren inokulazioa azkartzea eskatu du Europako Batzordeak. Babesa sendotzeko hirugarren dosia bermaturik dagoela ziurtatu du Von der Leyenek; izan ere, EBk 360 milioi dosi jasoko ditu 2022ko lehen hiruhilekora arte.
Bruselak Pfizer-BioNTech eta Moderna konpainiekin sinatutako azken kontratuen arabera, europarren babesa sendotzeko txerto nahikoak izatea, formula omikron bezalako aldaera berriei egokitzea eta adingabeak immunizatzeko seruma ekoiztea aurreikusi dute.
Zentzu horretan, Batzordeak aurreratu duenez, Pfizerren konpromisoa dute 5-11 adin tarterako txertoa abenduaren 13an eskuragarri egoteko EBn.