Itxi

Koronabirusa

Are gehiago tenkatu da egoera Nafarroan: hildako bat, ospitaleratze gehiago, eta 500 kutsatzetik gora

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

91 pertsona daude erietxean (bezperan baino lau gehiago), horietako 15 ZIUn (bat gehiago).

Osasun langile bat proba bat egiten. Argazkia: EFE

Datu txarrak utzi ditu gaur izurriak Nafarroan: Pertsona bat hil da birusak jota, ospitaleratzeak igo egin dira eta, bigarren egunez, 500eko langa gainditu dute kutsatzeek (523, zehazki), Foru Gobernuak emandako  datuen arabera.

Ostegunean 3.989 proba diagnostiko egin dituzte, eta horietako % 13,1 positibo izan dira (apur bat jaitsi da asteazkenekoarekin alderatuta). Koronabirus kasu berriak bezperakoen ildotik datoz, 500eko langa igarota. Dena dela, asteazkenean baino 41 gutxiago dira. Aurreko asteetako datuekin alderatuz gero, goranzko joera ikus daiteke argi eta garbi: duela astebete 361 izan ziren, eta duela 14 egun, 274.

Ospitaleetako presioa are gehiago tenkatu da: zortzi pertsona erietxeratu behar izan dituzte, horietako bi, ZIUn. Hartara, hauxe da egoera: 91 pertsona ospitalean (bezperan baino lau gehiago), eta 15 gaixo kritiko (bat gehiago). Gainera, pertsona bat hil da gaixotasunarekin.

Birusak gogorren astindutako udalerri eta osasun guneei dagokienez, Zizur Nagusia da denen buru, 22 kutsatzerekin. Gertu kokatu dira Iruñeko Donibane auzoa (20 positibo), II. Zabalgunea (19) eta Sarriguren (18).

Txertaketari dagokionez,  4.025 dosi eman dituzte azken 24 orduetan. Guztira, 531.081 nafarrek dute pauta osoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)