KORONABIRUSA
Covid ziurtagiria ostalaritzara, gimnasioetara eta ospitaleetara zabaltzea proposatu du lehendakariak
EITB MEDIA
Era berean, balioesten ari dira covid ziurtagiriaren derrigortasuna espazio itxietan egiten diren ekitaldietara zabaltzea, batez ere publikoa zutik dagoenean. Hala eta guztiz ere, lehendakariak argitu duenez, lehenago neurri berri horiek EAEko Auzitegi Nagusiaren baimena jaso behar dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak LABI Aholku Batzordearen bilera hasieran aurreratu duenez, covid ziurtagiria beste eremu batzuetan ere ezartzeko aukera aztertuko dute, Europako beste herrialde batzuetan eta autonomia erkidegoetan aplikatzen ari direnekin bat etorriz.
Zehazki, balioesten ari dira covid ziurtagiriaren derrigortasuna espazio itxietan egiten diren ekitaldietara zabaltzea, batez ere publikoa zutik dagoenean.
Baita ostalaritzako eta jatetxeetako "beste esparru" batzuetara ere. Era berean, gimnasioetan eta jarduera fisikoa egiten den barruko beste espazio batzuetara ere. Baita aztertzen ari dira ospitaleetan eta zentro soziosanitarioetan egiten diren bisitetan eskatzea ere.
Hala eta guztiz ere, lehendakariak argitu duenez, lehenago neurri berri horiek EAEko Auzitegi Nagusiaren baimena jaso behar dute.
Urkulluren hitzetan, inguruak erabakiei eragiten die eta, zentzu horretan, buruzagiak erabakiak hartzeko marko juridikoa deitoratu du berriro: "pandemiari aurre egiteko ez da nahikoa".
"Estatuko legeak motz geratzen dira; gure eskumenek ez digute erabaki zehatz batzuk hartzen uzten, Justiziaren babesik gabe", erantsi du.
"Hau ez da amaitu, birusak ere gure artean jarraitzen du eta oso hilkorra da", ohartarazi du lehendakariak. "Osasun larrialdian gaude eta ahaleginari eutsi behar diogu guztiok", eskatu du.
"Txertoa oso lagungarria da, baina txertoa jarrita ere kutsatu egin gaitezke", esan du. Horregatik, "jarrai dezagun prebentzio-neurriak betetzen eta norbera babesten", errepikatu du.
Azkenik, "denon zuhurtzia, konpromisoa eta ahalegina ezinbestekoak" direla azpimarratu du agintariak.
Izan ere; osasun larrialdi egoera gaur aktibatu da berriro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo bertan erabaki zuen Auzitegi Gorenak covid pasaportearen inguruan kaleratu behar duen ebazpenari ez itxarotea, eta arratsaldean sinatu zuen dekretua.