Itxi

KORONABIRUSA

Datuen alderaketa, urtebeteko epean: astean 81 hildakotik 18ra

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nola eragin du 12 urtetik gorakoen % 91 txertatuta izateak? 2020ko abenduaren 1eko datuak 2021eko abenduaren 1ekoekin alderatuta, kutsatze kopurua eta egungo intzidentzia metatua handiagoak badira ere, ospitaleetako presioa dezente txikiagoa da.

Irudia: EITB Media.

Covid-19aren bilakaerak bultzatuta, osasun larrialdi egoera berrezarri zen ostiralean Euskal Autonomia Erkidegoan. Ez da bi hilabetera iritsi bertan behera utzi zutenetik eta adierazle guztiak okerra egin ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak berriz ere osasun krisia ezartzea erabaki zuen, LABI berreskuratuz eta murrizketak egiteko aukerarai atea irekiz.

Europako beste hainbat herrialderekin alderatuz gero egoera askoz ere hobea bada ere, ez da ona: EAE eta Nafarroa dira Estatu espainiarrean okerren dauden erkidegoak. EAEk, izan ere, 100.000 biztanleko 577 kasuko intzidentzia metatua du, 14 egunetara, Estatuko batezbestekoa 248koa denean.

Dena dela, intzidentzia metatuak ez du duela urtebete zuen eragin bera. Eta, zein da ezberdintasuna? Covid-19aren kontrako txertoaren agerpena.  Une honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 urtetik gorako herritarren % 90,1 erabat immunizatuta daude eta % 91,7k lehen dosia jarria du.

Txertaketa zabal horri esker, 2021eko zenbakiek ez dute 2020koekin zerikusirik. Hala, 2020ko abenduaren 1eko datuak 2021eko abenduaren 1ekoekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzaren azken txostenarekin, alegia, ondorio argi bat atera daiteke: kutsatze kopurua eta intzidentzia metatua duela urtebete baino okerrago daude, baina ospitaleetako presioa askoz ere txikiagoa da.

Datuak: 2020 abenduak 1 vs 2021 abenduak 1

Atzemandako positibo kopurua, 2020: 564

Atzemandako positibo kopurua, 2021: 1361

Intzidentzia metatua, 14 egunetara, 2020: 421 kasu 100.000 biztanleko

Intzidentzia metatua, 14 egunetara, 2021: 577 kasu 100.000 biztanleko

Plantan ospitaleratutako pertsonak, covidagatik, 2020: 491 pertsona

Plantan ospitaleratutako pertsonak, covidagatik, 2021: 207 pertsona

ZIUn ospitaleratutako pertsonak, covidagatik, 2020: 129 pertsona

ZIUn ospitaleratutako pertsonak, covidagatik, 2021: 55 pertsona

Covidagatik hildako pertsonen kopurua, azaroko azken astean, 2020: 81 pertsona (aurreko astean 96)

Covidagatik hildako pertsonen kopurua, azaroko azken astean, 2021: 18 pertsona (aurreko astean 5)

Nafarroan ere erradiografia oso antzekoa da. Seigarren olatua jada aurrekoen parekoa edo handiagoa da — azken egunetan, egunero, 500 kasu inguru atzematen ari dira — baina ZIUetan ia gaixo erdiak daude. Gaur egun 96 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan ingresatuta, horietatik 16 ZIUn. Duela urtebete, gaurko egunez, 145 ospitaleratu zeuden covidagatik eta horietatik 29 ZIUn.

Gainera, 31 lagun hil ziren 2020an azaroko azken astean, eta 5 2021ko aste berean.

Datu horiek eskutan, aste honetan bertan Nafarroako presidenteak adierazi du Nafarroako ospitaleen egoera arrisku baxukoa dela oraingoz: ''Ez diogu positiboen kopuruari erreparatu behar, ospitaleetako okupazioari baizik''.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Bideoak (2)