Itxi

Koronabirusa

435 positibo eta 12 ospitaleratze zenbatu dituzte Nafarroan

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Positibotasun tasak balio altuetan jarraitzen du, % 18,8an dago. Zorionez, ez da inor hil azken orduetan.

Lagun talde bat, Iruñeko taberna batean. Argazkia: EFE

435 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Bezperako datuekin alderatuta, beherantz egin dute, baina igandeetan behera egin ohi du kutsatzeen kopuruak, proba diagnostiko gutxiago egiten baitira. Igande honetan 2.317 proba egin dira, eta horietatik % 18,8 izan dira positibo.

Bestalde, azken 24 orduetan 12 pertsona erietxeratu behar izan dituzte, horietako bat ZIUn. Hartara, guztira 109 lagun daude ospitaleetan, 16 zaintza intentsiboetako unitatean. Igande honetan ez da inor hil.

Birusak gogorren astindutako herri edo osasun guneei dagokienez, Tafalla da zigortuena, 21 kutsatzerekin. Zerrendan ondoren datoz Berriozar, Sarriguren eta Tutera, 19rekin.  Halaber, Lizarran 14 kasu hauteman dituzte, eta Zizur Nagusian eta Burlatan, 13na.

Datuon aurrean, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu du ez dutela murrizketa gehiago jarriko, txertaketa bizkortzea baita euren helburua.

Azaldu duenez, "txertaketa ahalik eta gehien bizkortu nahi dugu, covid ziurtagiria ondo funtzionatzen ari da eta". Hala, esan du ezarri baino lehen egunero 75 bat inokulazio egiten zituztela hitzordu barik; orain, 205 dira. "Ziurtagiriaren eraginez, txertatzeko asmorik ez zuen jendea ziztatzen hasi da, bestela aisialdia asko murrizten zaie", erantsi du.

Txertaketa datuei dagokienez, igande honetan 3.849 dosi jarri dituzte; guztira, 1.116.934. Pauta osoa duten nafarrak 531.414 dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)