Alerta, uholdeengatik
Zadorra eta Cadagua ibaiek gainezka egin dute eta hainbat udalerritan uholdeak izan dira
Agentziak | EITB Media
Zadorrak Gasteizen eragin ditu uholdeak, eta Cadaguak, Gueñesen. Alerta laranjak indarrean segitzen du eta okerrena datozen orduetan iritsiko omen da. Ostegun honetan 200 gertakari baino gehiago izan dira euriteen ondorioz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euri denboralea dela eta, hainbat ibaik gainezka egin dute, ur-putzu handiak sortu dira eta arazoak izan dira bigarren errepide-sareko hainbat puntutan. Bereziki, Zadorra eta Cadagua ari dira kezka sortzen; izan ere, bi ibai horiek uholdeak eragin dituzte, Gasteizen eta Gueñesen, hurrenez hurren.
Egunean zehar, 200 gertakari baino gehiago izan dira, denboralearekin lotuta. 18:00ak aldera, gertakari horietako 45 oraindik itxi gabe zeuden, konponbidea izateko bidean.
Zadorra ibaiak sortu ditu arazorik gehien, eta, gauari begira, kezkarik handiena ari da sortzen. Urtegiaren uhateak ireki dituzte, husteko, eta, ondorioz, Gasteizen, kilometro batzuk beherago, gainezkatu da.
Aztegieta auzoan, bi atari urez bete dira, eta hogei bat lagunek etxetik alde egin dute; Tresponden eta Billodan ere, Zadorraren ibaiertzean daudenez, arazoak izan dira.
Halaber, arratsaldean, Zadorra gainezkatuta, Gasteizen, A1erako sarbidea itxi behar izan dute, Bilborako noranzkoan, Irunerako eta Madrilerako noranzkoetan, baita A1etik N622 errepiderako sarbidea ere, Altuberako noranzkoan.
Nolanahai ere, baliteke txarrena ostegun gauean eta ostiral goizaldean gertatzea; izan ere, ondorengo 24 orduetan, Zadorraren urtegiek hustuko duten ur-kopuruaren bikoitza jasoko dute, URA Uraren Euskal Agentziaren Datuen arabera: hori dela eta, arriskua dago Gasteizen egoerak okerrera egitea.
Hori bai, URAk nabarmendu du urtegi horiek Zadorraren ur-goraldiari eusten ari zaizkiola, oraindik ere edukiera duelako ura jasotzeko.
Arazoak Gueñesen eta Sodupen, Cadaguarekin
Cadaguak ere gainezka egin du hainbat puntutan, batez ere Gueñesen eta Sodupen. Kale batzuetan, uholdeak izan dira; kalteak ez dira larriak izan. Quadra-Lakabex auzorako sarbidea itxi behar izan dute.
Nerbioi ibaiak ere eragin ditu arazo batzuk, txikiak; hain zuzen, Basaurin gainezkatu da, A-8 autobidearen azpiko tartean. Butroe ibaiak ere gainezka egin du Mungian, udalerriko erdigunean, eta Getxon, Gobelak, Larrañazubin, Berango eta Fadura kiroldegia lotzen dituen errepidean uholdeak sortu ditu.
Horrez gain, denboraleak irudi deigarriak ere utzi ditu. Luizi baten ondorioz, Adifen trenbideak itxi behar izan dituzte Brinkolatik, Legazpin, Beasaineraino. 13:15 aldera izan da luizia, eta aldiriko tren bati eragin dio; 14 lagun atera dituzte bertatik, eta ez da inor zauritu.
Adifek autobus bat jarri du Beasainen eta Brinkolaren artean; Beasainetik Irunerako trenak normaltasunez ibili dira. Hala ere, Madrilera doazen bidaiariek ere izan dituzte arazo batzuk, Tolosan trenetik jaitsi behar dutelako, Altsasura autobusez joan aurretik; Altsasutik Madrilerako tartea trenez egiten ari dira.
Txorierriko korridorean, Sondika parean, zuhaitz bat erori da, auto baten gainean, eta autobideko bi errei itxi behar izan dituzte, tarte batean; gerora, konpondu ahal izan dute arazo hori. Arratsaldeko azken orduan, beste zuhaitz bat jausi da, GI-627an, eta errepidea itxi behar izan dute Leintz Gatzaga parean.
Markinatik Gernikarako tartean, hogei bat ikasle salbatu dituzte, zodiac bat erabiliz; izan ere, ikasleak zihoazen autobusa ur-putzu handi batean geratu da, harrapatuta.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak aurreratu duenez, ur-emarien eta arroen une kezkagarrienak Bizkaian izango dira gauean, eta Gipuzkoan goizaldean; Araban, arestian esan bezala, Zadorrak sortzen du kezkarik handiena. Euria botatzen jarraituko du, eta ostiraleko 15:00etara arte alerta laranjan izango da EAE.