DENBORALEA
Jaurlaritzak Uholdeei aurre egiteko larrialdi faseari eutsi dio Araban
EITB MEDIA
Segurtasun sailburuaren hitzetan, bezperan baino "askoz hobea" da egoera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Uholdeei aurre egiteko larrialdi faseari Araban bakarrik eustea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, batez ere, Zadorra ibaiaren arroan eta inguruko herrietan egoera zaintzeko. Bizkaian eta Gipuzkoan bertan behera utzi dute alerta.
09:00etan bildu da Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Bereziaren krisi mahaia Gasteizen, denboraleak utzitako egoera aztertu eta hemendik aurrerako neurriak adosteko. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Josu Erkoreka lehendakariordeak eta Segurtasun sailburuak hartu dute parte batzarrean, besteak beste.
"Aurreko egunetan oro har 1.500 inzidentziatik gora izan ditugu egun guztian zehar. Gaurkoan, 200 inguru izan ditugu eta une honetan 150 idaude zabalik. Aurreko egunarekin konparatua, egoera askoz hobeagoa da", esan du Erkorekak bilera amaitu ondoren.
Sailburuaren arabera, urtegiei eta Zadorra ibaiari so daude orain larrialdietarako zerbitzuak.
EAEko errepide sareari buruz, berriz, Erkorekak adierazi du azken orduotako arazo gehienak luiziek eta ur putzuek eragindakoak direla. "Arazoak gutxitzen ari dira nabarmen, eta aurreikuspenak onak dira", gaineratu du.
Larrialdietarako zerbitzuen sarea osatzen dutenen lana txalotu eta eskertu du Segurtasun sailburuak. "Egindako aurreikuspenei esker, kalteak txikiagoak izan dira", esan du.