UHOLDEAK
Uholdeek kaltetutako eremua "hondamendi natural" izendatzeko eskatuko du Nafarroako Gobernuak
IDOIA ALBERDI E. | EIDER JAUREGI O. | EITB MEDIA
Bestalde, Chivite presidenteak bere atsekabea agertu du, denboralearen ondorioz Sunbillan eta Elizondon hil diren bi nafarren heriotzagatik.
Azken egunotako uholdeek kaltetutako eremua hondamendi natural izendatzeko eskatuko dio Nafarroako Gobernuak Espainiakoari, Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak jakitera eman duenez.
Faltzesen izan da goizean Chivite, uholdeek hondamendi handienetakoa eragin duen herrietako batean, eta handik Tuterara joan da. Kalteak izan dituzten 74 udalerrietako alkateekin bihar, astelehena, bilduko dela aurreratu du, egoeraren lehen balorazioa egiteko eta aurrera begirako neurriak adosteko.
Denboraleak Nafarroan utzitako bi heriotzengatik ere bere atsekabea agertu du presidenteak. Ostegunean emakume bat hil zen Sunbillan, luizi baten ondorioz etxola batek azpian harrapatuta, eta atzo, berriz, ostiraletik desagertuta zegoen Elizondoko bizilagunaren gorpua aurkitu zuten Bidasoako uretan.
Bestalde, uholdeek utzitako kalteak konpontzeko eta egoera bere onera ekarri ahal izateko herri eta hirietan bizilagunek antolatu dituzten boluntario sareak txalotu ditu, eta larrialdietarako zerbitzuetako kideen lanaren garrantzia nabarmendu du. Alkate guztiei animoak helarazi dizkie, egoera zail honetan egiten ari diren ahaleginagatik. "Guztiak oso koordinatuta ari dira lanean", esan du
Chiviteren aburuz, orain, helburua kalteak lehenbailehen konpontzea bada ere, aurrera begira uholdeei aurre egiteko planak lantzea premiazkoa da. "Nafarroak uholdeekin elkarbizitzen jarraitu beharko du, eta prest egon beharko dugu, etortzen direnean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten", zehaztu du.
Uholdeek eragindako kalteak "handiak" direla aitortu du Marlaskak
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak San Adrian bisitatu du arratsaldean, uholdeek eragin dituzten kalteak ikusteko.
Sunbillako eta Elizondoko uholdeetan izandako bi heriotzengatik doluminak eman eta elkartasuna helarazi die senideei.
"Babes zibileko sisteman, administrazio guztien arteko koordinazioan eta lankidetzan" konfiantza duela adierazi du, eta nabarmendu du "oraindik erantzun-fasean gauden bitartean, errekuperazio-fasea ere" prestatzen ari direla, "kalteak baloratzeko fasea, alegia, larrialdia ez baita amaitzen harik eta normaltasun zentzuzko bat berrezarri arte".
Nafarroa hondamendi natural eremu izendatzerai buruz galdetuta, ministroak esan du ikusteko dagoela eskariak zer ibilbide izango duen, baina aitortu du "lehen begiratuan kalte handiak eta garrantzitsuak" ikusten direla; "begien bistakoa eta objektiboa da", gaineratu du.
Nafarroako erdialdea eta Erribera, kaltetuenak
Azken egunetako euriteek kalteak Nafarroako Foru Erkidego osoan eragin badituzte ere, okerrena Nafarroako erdialdean eta Erriberan bizi izan dute.
Ostiralean, Arga ibaiak bi hamarkadatan izan duen ur-goraldirik handiena izan zuen Iruñerrian, eta, larunbatean, uholde handiak eragin zituen Miranda Argan, Faltzesen, Azkoienen eta Funesen. Bereziki ikusgarriak izan ziren urak Funesen utzitako irudiak.
Ega ibaiak ere egin du gainezka, eta Lizarraldeko zenbait tokitan, Carcarren eta San Adrianen, hainbat errepide itxi behar izan dituzte.
Ebrok uholde handiak eragin ditu ur-emari handiena pasatu ahala, larunbat gauean hasi eta igandera arte, San Adrianen, Castejonen, Tuteran eta inguruetan.