Osasun Etxea
Zubiak haurrak txertatzearen alde egin du, "helduok haurrak ez kutsatzeko neurriak hartuko ez ditugulako"
Manu Gimenez | eitb media
Donostia Ospitaleko ZIUen arduradunak adierazi du txertoa "ziurra" dela, eta "onura sozial" nabarmena ekarriko duela, haurrek bizitza normala egiteko aukera izango dutelako txertaketa protokoloa betez gero.
Asteazkenean hasiko da Hego Euskal Herrian haurren txertaketa-kanpaina, pandemiaren eragina oraindik zabaltzen ari dela hasiko da.
Nafarroan 629 kutsatze berri jakinarazi dituzte, eta kontuan izanda atzoko datua dela eta larunbatetan PCR gutxiago egiten direla, oso datu altua da. % 35 igo dira kutsatzeak astebetean Foru Erkidegoan.
Hain zuzen, pandemiaren zabalpen hori gelditzeko tresna gisa ikusten du baliagarri haurren txertaketa Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko zerbitzu buruak. Hori bai, oso kritiko da bere hitzetan helduek oinarrizko segurtasun neurriak ez betetzeak ekarri duelako egoera hori, berez haurrek ez dutelako gaitza larri pasatzeko arriskurik.
Zubiak Euskadi Irratiko Osasun Etxean gogorarazi duenez, datuek erakusten dute COVID-19a duten 100.000 haurretik 10 ospitaleratzen dituzte soilik, eta horietako hiru eramaten dituzte ZIUra.
Dena den, ZIUen arduradunak gogor kritikatu du txertatzeko gomendioaren oinarrian helduen portaera okerrak daudela: "Ez ditugu neurriak hartuko helduok haurrak ez kutsatzeko, eta haurren bizimodua erabat mugatuta ez geratzeko, horregatik gomendatzen dugu txertatzea. Tristura handia eragiten dit ikusteak nola helduok parrandan gabiltzan, ez dugun bestelako neurririk hartzen, eta nola azkenean haurrak txertatzen bukatuko dugun".
Horren harira, seigarren olatuan ez du joera aldaketarik ikusten Zubiak, neurri zorrotzagoak hartu ezean egoerari aurre egitea zaila izango dela uste du. Kezka azaldu du positibo kopuru altua ZIUetan islatuko delako eta horrek jarduera kirurgikoa arriskuan jarriko duelako.
Gainera, 70 urtetik gorakoen artean hirugarren dosiaren eragina nabaritzen ari omen dira, kasu gutxiago iristen direlako orain ZIUetara. Baina gazteen artean gorakada atzeman du, txertatu gabeko gazteak hain zuzen ere. Horregatik, txertoa hartzeko deia egin du.
Zuzenketa
Bestalde, eta hainbat hedabidetan argitaratutakoaren aurrean, Donostia Ospitaleko medikuak aurreko astean egindako adierazpenak argitu nahi izan ditu, eta azpimarratu du ez zuela esan "eskolak ixtea komeni denik, baizik eta helduon jardueragatik haurrak kutsatzen badira, ez dela modurik izango haurrek eskolan jarraitzeko".