Itxi

KORONABIRUSA

Fermin Labayen, Gurutzetako Ospitaleko ZIUko burua: "Okerrena iristear dago"

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Gurutzetako Zainketa Intentsiboen Unitateko (ZIU) arduradunak azpimarratu duenez, "seigarren olatuan gaude eta pixkanaka gora egiten jarraituko du".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fermin Labayen Gurutzetako Zainketa Intentsiboen Unitateko (ZIU) arduradunak Radio Euskadiko "Boulevard informativo" saioan egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, nahiz eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratzeen sekuentziazioa motelagoa izan, "pixkanaka gero eta gaixo gehiago dago".

Une honetan, 11 gaixo daude Gurutzetako Ospitaleko ZIUn. "Ez gara presio handiena duen eremua. 2. agertokian gaude. Donostia 3. agertokian dago", esan du Labayenek, baina seigarren olatu betean gaudela nabarmendu du, eta oraindik okerrena etortzear dela. "Ez gara gailurrera iritsi", adierazi du.

Hego Euskal Herrian asteazken honetan hasiko den haurren txertaketari dagokionez, Labayenek argi du: "Nik uste dut haurrak txertatu behar direla". Txertoa jarriz gero, ZIUko arduradunaren arabera egoera kontrolatuago egongo da eta transmisioa mugatu egingo da.

Gabonetako jaiak ate joka ditugun honetan, Labayenen aburuz, "edukiera mugetara" itzultzea litzateke egokiena, eta burbuila sozialak mantentzearen alde agertu da. Hori azaltzeko, bere esperientzia kontatu du. "Iruñera joango gara eta jende gutxi elkartuko gara, asteburuetan biltzen garenok bilduko gara", azpimarratu du.

Osasun langileen egoeraz galdetuta, Gurutzetako Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko arduradunak esan du oso nekatuta daudela. "Kontuan izan osasun langileek beste edozein pertsonak dituen beldur eta zalantza berberak dituztela, eta gaixo guztiak artatzeko duten guztia ematen jarraitu behar dutela", azaldu du.

Horren hitzetan, gaur egun "laguntza psikologikoko talde bat dute indartzeko, profesional batzuek gainkarga izan dutelako maila fisikoan, baina, batez ere, mentalki. Oso konplexua da hori eramatea".

Eguberri hauetan osasun langileek izango dituzten oporren inguruan esan du dauden premien arabera egokitzen joango direla. "Behar bakoitzaren arabera eman beharrekoa emango dugu", aurreratu du.

Labayenen arabera, oraingoz ez da omikron aldaeraren kasurik baieztatu EAEn. "Ziurgabetasuna dago", azpimarratu du; izan ere, "badirudi transmititzeko gaitasun handiagoa duela, eta horrek erne egotea eskatzen digu". Hala ere, klinikoki eragin gutxiago duela uste du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (1)