Koronabirusa
Fiskaltzak ontzat jo du covid pasaportea Eusko Jaurlaritzak eskatutako sektoreetara zabaltzea
O.P. | Eitb Media
Ostalaritza osoan, gimnasioetan, zentro soziosanitarioetan eta egoitzetan eskatzea babestuko luke. Erabaki hori ez da loteslea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baitu azken hitza.
Euskal Fiskaltzak ontzat jo du covid ziurtagiriaren eskakizuna Eusko Jaurlaritzak eskatutako eremu guztietara zabaltzea, hau da, ostalaritzako sektore osora, gimnasioetara, zentro soziosanitarioetara, espetxeetara eta zaharren egoitzetara, eta merkataritzakoak ez diren ia esparru itxi guztietara, bai eta jende asko biltzen den kirol-, aisialdi- edo kultura-ekitaldietara.
Indarrean egongo litzateke, kutsatzeen intzidentzia-tasa metatua 14 egunetan 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa den bitartean.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari helarazitako txostenean, ministerio publikoak uste du leku horietarako covid ziurtagiri digitala eskatzea "beharrezkoa, egokia eta proportzionatua" dela.
Neurri hori aplikatzetik salbuetsita leudeke 12 urtetik beherakoak eta establezimenduetako langileak, lanean ari diren bitartean, nahiz eta derrigorrezkoa izango duten maskara une oro soinean eramatea.
Eusko Jaurlaritzak joan den ostiralean eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari ziurtagiria hedatzearen inguruko balorazio juridikoa eta hura izango da azken ebazpena emango duena, Fiskaltzaren iritzia ez baita loteslea.
Osasun txostena, txosten juridikoa eta dekretuaren zirriborroa igorri zizkion Jaurlaritzak, covid pasaportearen erabilera eremu horietan ere handitzeko; lehendik Espainiako Auzitegi Gorenak emana zion baimena gaueko aisialdian 22:00etatik aurrera edo 50 mahaikide baino gehiagoko edukiera duten jatetxeetan erabiltzeko.
Aldi hartan ere, Fiskaltzak begi onez ikusi zuen covid pasaportea ezartzea, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu, covid ziurtagiria erakusteko derrigortasunak hainbat eskubideri eragiten ziela argudiatuta, besteak beste, biltzeko eskubideari, zirkulazio askatasunari, adierazpen askatasunei eta sorkuntza artistikoari.
Gaitzespen horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuen eta hark aldeko irizpena eman zuen, azkenean, "gaixotasunaren transmisioa prebenitzeko neurri egokia" zela eta, "beharrezkoa", beste neurri gogorrago batzuen aldean leunagoa izaki, "establezimendu horietara sartzeko aukerari eta egiten duten jarduerari nabarmen eragiten ez ziolako".