Koronabirusa
Adituen batzordeak txertoaren hirugarren dosia 40 urtetik gorakoei ematea aztertuko du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Oraingoz, errefortzurako dosia 60 urtetik gorakoei eta osasun sektoreko langileei ematen zaie. Adituak asteazkenean bilduko dira eta adin tarte hori zabaltzea aztertuko dute.
Txertoei buruzko adituen batzordea asteazken honetan batzartuko da eta covid-19ko txertoaren hirugarren dosia 40 urtetik gorako pertsonei ematen hasteko aukera aztertuko dute.
Oraingoz, 60 urtetik gorakoei ematen zaie, baina Galiziako Gobernua 50 urtetik gorakoei hitzorduak ematen hasi da, Osasun Publikoaren Batzordearen oniritzia izan gabe, eta horrek eztabaida aurreratzea eragin du.
Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak adierazi du "denbora aurrezteko" hartu dutela erabaki hori, 50 urtetik gorako pertsonak txertatzeko baimena heltzen denean kanpaina berehala hasi ahal izateko.
Osasun Publikoaren Batzordeak joan den azaroaren 23an eman zuen bere oniritzia errefortzurako dosia 60 urtetik gorakoei eta osasun sektoreko langileei emateko.