Itxi

UHOLDEAK

Buñueleko bizilagunek Sanchezi ibaia garbitzea eskatu diote, uholde berriak saihesteko

EITB Media

Leer en Castellano

Lehen kalkuluen arabera, laborantzako 12.000 hektarea kaltetu dituzte uholdeek Nafarroan. Halaber, Foru Gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari (CHE) eta Kantauriko Ur Konfederazioari txostena eskatuko die uholdeen aurrean zein aurreikuspen eta jarduketa zituzten jakiteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Nafarroa, Errioxa eta Aragoi bisitatu ditu gaur, uholdeek toki horietan eragindako kalteak bertatik bertara ikusteko.

Zehazki, Buñuel udalerrian izan da, aurrez Pradilla de Ebrotik (Aragoi) igaro ostean. Ondoren, Nafarroatik Alfarora (Errioxa) mugitu da.

Espainiako gobernuburuak Ebroren ur-goraldiak kaltetutako etxebizitzak bisitatu ditu. Bizilagun batzuek ibaia garbitzea eskatu diote, uholde berriak saihesteko.

Sanchez 16:00ak aldera heldu da Nafarroako herrira, eta kaleetatik oinez ibili da. Maria Chivite Nafarroako presidenteak, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eta Israel Jacoste Buñueleko alkateordeak lagundu dute. Era berean, Juan Carlos Zapico Foruzaingoko buruzagia, Jose Maria Borja Foru Erkidegoan Espainiako Poliziaren buruzagi nagusia eta Jose Santiago Martin Gomez Guardia Zibileko koronela bertan izan dira.

Foru Exekutiboak Estatutik heltzen diren diru-laguntzak urtea bukatu baino lehen osatuko dituela ziurtatu du Chivitek, baina ez du nola zehaztu.

Nafarroa hondamendi naturaleko eremu izendatuko dutela jakin eta biharamunean egingo du bisita Sanchezek. Aurreikuspenen arabera, ostiraleko Ministroen Kontseiluan hartuko du erabakia Espainiako Gobernuak.

Hain zuzen ere, gaur bertan egin dio Nafarroa hondamendi naturaleko eremu izendatzeko eskaera foru gobernuak Espainiako Gobernuari, gutun bidez.

Halaber, Nafarroako Gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari (CHE) eta Kantauriko Ur Konfederazioari txostena eskatuko die uholdeen aurrean zein aurreikuspen eta jarduketa zituzten jakiteko, eta hobekuntzarik egin badaiteke egiteko.

Laborantzako 12.000 hektarea kaltetu dituzte uholdeek


Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, lehen balorazio batean 12.000 hektarea inguru dira foru erkidegoan uholdeek kaltetutako hektareak. Hedabideei aurrean egin dituen adierazpenetan nabarmendu duenez, oraindik "goiz" da "balorazio zehatzagoa egiteko".

Chivitek ez du argitu Espainiako Gobernuak noiz deklaratuko duen Nafarroa hondamendi eremu: "guk biharko gobernu saiora eramango dugu eskaera, Espainiako Gobernuari eskatzeko, eta ostiralean iritsi daiteke; aste honetan, betiere".

Maria Chiviteren esanetan, astelehen honetan uholdeek kaltetutako 74 udalekin izandako bilera "ondo" joan zen, baina kexak ere izan ziren, batez ere Iruñerrirako egindako aurreikuspenak ez zirelako bete. "Osteguna izan zen Nafarroan azken 40 urteetan euri gehien egin zuen eguna, eta horrek CHEk berak egindako aurreikuspenak apur bat txikitu zituen", gehitu du Nafarroako presidenteak.

Uholdeek kaltetutako pertsonentzako telefonoa

Nafarroako Gobernuak telefono bidezko zerbitzua jarri du abian uholdeek kaltetutako pertsonei arreta eta aholkularitza emateko. Telefonoa (848427733) 08:00etatik 14:00etara egongo da erabilgarri.

Errepideen egoera

Hauek dira uholdeen eraginez oraindik Nafarroako errepide sare nagusian uholdeengatik eragozpenak dituzten errepideak:

- N-134 errepidea San Adrianen eta Tuteran

- N-113 errepidea Castejonen

- N-122 errepidea Faltzesen

- N-122 errepidea Carcarren

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Galeriak (3)