Itxi

Koronabirusa

Dekretua argitaratuta, indarrean da covid ziurtagiria EAEko ostalaritza, ospitale eta kiroldegietan sartzeko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Covid pasaportea erakustea ezinbestekoa da jatetxeetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan, kiroldegietan eta eremu itxietan antolatzen diren kultura ekitaldietan sartzeko; ez, ordea, instalazio irekietan (futbol zelaietan, adibidez).

Bi pertsona covid ziurtagiriarekin taberna batean. Argazkia: EFE

Lehendakariaren azken dekretua argitaratu ostean, gaurtik aurrera derrigorrezkoa da covid pasaportea erakustea Euskal Autonomia Erkidegoko jatetxeetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan, kiroldegietan eta eremu itxietan antolatzen diren kultura ekitaldietan sartzeko.

Dekretuan irakur daitekeenaren arabera, espazio gehiagotan izango da beharrezkoa covid ziurtagiri digitala sartzeko. Hauek dira eremu berri horiek:

1.– Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.

2.– Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.

3.– Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.

4.– Kirol-instalazio itxiak, hala nola estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.

5.– Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.

12 urtetik beherakoak eta goian aipaturiko guneetako langileak covid ziurtagiria erakustetik salbuetsita egongo dira.

Dekretuan aurreikusitako neurriak urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean, beti ere, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 300 kasutik beherakoa bada. Dena dela, pandemiaren bilakaeraren arabera, dekretua luzatu, aldatu edo baliogabetzea erabakiko du Eusko Jaurlaritzak.

Bingen Zupiria bozeramaileak asteazken honetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da zer neurri har daitezkeen kirol-instalazio irekiak, estadioak edota frontoiak "espazio seguruak" izateko. Haren esanetan, gaurko dekretuaren aurretik indarrean dagoen araudiaren arabera toki horietan ezinbestekoa da une oro musukoa janztea eta ezin da ez edan eta ezta jan ere, horretarako egokitutako tokietan salbu.

Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritza adi jarraitzen ari da pandemiaren bilakaera eta Osasun Sailak eta bere batzorde teknikoek beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartuko dituzte, egoeraren eta legeak eskaintzen dituen aukeren arabera.

Onda Vascan egin dioten elkarrizketa batean Bingen Zupiriak azaldu duenez, txertaketak transmisioa eragozten ez badu ere, "segurtasun gortina bat sortzen du" eta gaixotasuna larria ez izaten laguntzen du. Zupiriaren hitzetan, norbanako bakoitzak erabaki behar du txertoa jarri ala ez, baina bizitza sozial normala egin nahi dutenak gurutze-bide horretan egongo direla onartu du. "Ez txertatzeko eskubidea dute, baina kasu horretan, segur aski, beste modu batera bizi beharko dute", azpimarratu du.

Zupiriaren esanetan, gaurko eta iaz epe bereko egoerak konparatuz gero txertaketan dago aldea. Ildo horretan, "baikorrak izateko" arrazoiak daudela uste du, egoera hobea dela eta covid-19arekin elkarbizitzen ikasi behar dela iritzita.

Albisteak (4)