Itxi

Koronabirusa

Birusaren transmisioak eta ZIUak gora Nafarroan

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

709 kutsatze berri zenbatu dituzte eta 15 lagun erietxeratu behar izan dituzte, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan.

Osasun langile bat proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EITB Media

700 koronabirus kasu pasatxo, 709 zehazki, atzeman dituzte Nafarroan astearte honetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positibotasun tasa % 14,2an kokatu da.

Aurreko asteetan zenbatutako kopuruetatik gora dago datua, baina goranzko joera apur bat apaldu dela suma daiteke. Izan ere, duela astebete 655 kutsatze izan ziren (+54) baina duela 14 egun, 408 zenbatu zituzten (+301). 

Kasuak ospitaleetara heltzen ari dira. Astearte honetan 15 pertsona erietxeratu behar izan dituzte, horietako hiru ZIUn. Guztira, 129 gaixo daude ospitalean (23 ZIUetan).

Tutera da udalerri zigortuena, 42 kasurekin. Segidan ageri dira Iruñeko Txantrea eta II. Zabalgunea, 32 eta 28 kutsatzerekin, hurrenez hurren. Tafallak 27 zenbatu ditu; Zizur Nagusiak, 24 eta Sarrigurenek, 21.

Transmisioa gorantz doan honetan, birusak gogorren kolpatutako talde bat txertatzeari ekin dio Osasunbideak: 5-11 urtekoak. Tafallako Kultur Etxean eta Doneztebeko kiroldegian hasiko dira gaur lehen dosiak jartzen eta bihartik aurrera txertaketa modu orokortuagoan egingo dute Iruñeko Seminarioan. Familiei SMS bidez jakinarazten ari da Osasunbidea dagokien hitzordua.

Txertaketa orokorrari dagokionez, asteartean 6.774 dosi ziztatu dituzte. Guztira, 1.159.057 txerto eman dituzte Nafarroan, eta pauta osoa duten nafarrak 532.691 dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)