Koronabirusa
Izurriak haurrengan duen "inpaktu handia" tarteko, kontziliazio laguntzak berreskuratzea eskatu du EH Bilduk
Agentziak | EITB MEDIA
Koalizio subiranistaren ustez, "ezinbestekoa" da dirulaguntzok "azkarrago" ematea, "egoera zaurgarrian dauden familiak" kanpoan ez geratzeko.
EH Bildu talde parlamentarioak eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, pandemiak haurrengan duen "inpaktu handia" aintzat hartuta. Hala, iaz, alarma egoera indarrean zegoenean, kontziliaziorako izan ziren dirulaguntzak (lanaldia murrizteko, eszedentzia hartzeko edota pertsona bat kontratatzeko laguntzak) berreskuratzea galdegin dio.
Nerea Kortajarena koalizioko legebiltzarkideak Gasteizko ganberan eskainitako prentsaurreko batean familia askoren egungo egoera azaldu du: "Ume asko etxean konfinaturik geratu behar izaten ari dira, eskolara joan gabe, eta hori kontziliazio arazo handiak sortzen ari da, guraso askok lanera joan behar dutelako eta ez dutelako seme-alabak non utzi. Kontziliazioa amesgaizto bilakatu da milaka etxetan".
Laguntzak berreskuratzeaz gain, horiek ordaintzeko prozedura azkartzea ere eskatu du koalizio abertzaleak. "Halaber, garrantzitsua da dirulaguntza horien ordainketa modua aldatzea eta izapidea eta betekizunak erraztea, behin eskaera onartuta, laguntzaren ordainketa aurreratzeko. Laguntza ez dakit zenbat hilabete igaro ostean ordaintzen bada, ez da iritsiko egoera zaurgarrian dauden familiengana. Hilabetea ozta-ozta amaitzen duen guraso batek ezin du ez lanaldia murriztu, ez eszedentzia hartu seme-alaba zaintzeko, laguntza berehalakoan kobratzen ez badu. Ordainketa modua aldatu ezean, familia horiek laguntzetatik kanpo geratuko lirateke, eta hori ez da bidezkoa", azaldu du Kortajarenak.
Kortajarenaren esanetan, EH Bilduk "behin eta berriz" eskatu dituela kontziliazioa errazteko laguntzak baina deitoratu du "Gobernuak ez diola arazo honi merezi duen arreta ematen".
Gogorarazi duenez, 6-12 urteko haurren artean 2.547 kasukoa da intzidentzia, eta une honetan, 145 ikastetxeetako 277 ikasgela itxita daude. Legebiltzarkidearen ustez, Gabonetako oporraldiarekin kontziliazio arazoak larriagotuko dira: "Umeen zaintzan ohikoak diren errekurtsoak (aitona-amonak, aisialdiko aktibitateak…) aurten ezingo dituzte baliatu gurasoek, umeak oraindik txertatu gabe daudelako. Egoera honetan ez litzateke batere egokia izango aitona-amonekin geratzea, eta Gabonetako ohiko jarduerak oso mugatuta egongo dira.
Hori horrela, EH Bilduk proposamena helaraziko dio formalki Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuari, ekimen parlamentarioa aurkeztuz gero, eztabaida otsailera arte atzeratuko litzatekeelako (Gabonetan ez dago jardunik Legebiltzarrean). Koalizioaren ustez, laguntzak "premiazkoak" dira; "Gobernua ezin da geldirik egon, soluzioak eskaini behar dizkie", erantsi du.