Itxi

KORONABIRUSA

Osakidetzako ZIUetako kontingentzia-plana aurreikusitako bost agertokietatik hirugarrenera igaro da

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Izan ere, 306 gaixo daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 99, ZIUetan. Bestalde, 2.508 positibo berri atzeman dituzte EAEn. Horrenbestez, Gabonetako ospakizunak mugatzea eskatu du lehendakariak, kopuru mugatu batekin eta osaera aldatu gabe.

Osasun langileak ZIU batean. Argazkia: EITB Media.

Osakidetza ZIUetako kontingentzia-planean aurreikusitako bost agertokietatik hirugarrenera igaro da, hau da, unitate horietan 146 ohe gehiago ireki ditu, 427 oheraino, covid-19ak ospitaleetan eragindako presioa handitu baita. Izan ere, 306 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 99, berriz, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).

Bestalde, 2.508 positibo berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 1042tik 1083,55era igo da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan eman ditu datu horiek, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideari erantzunez. Osasun Sailak herritarren "osasunerako eskubidea bermatzen duen" galdetu dio Uberak sailburuari.

Uberaren ustez, Osakidetzak "porrot egin du", eta sailburuak iragarritako osasun-zerbitzuen etetea kritikatu du. "Aurreikuspen faltaren ondorioa da, ez pandemiarena", horren iritzian.

Sagarduik adierazi duenez, osasun-sistema indartsua da, eta Osakidetzak protokolo bat du seigarren olatuari aurre egiteko, baina aitortu du ezinezkoa dela kutsatzeen datu horiek ospitaleetan ondoriorik ez izatea.

Hala ere, sailburuaren arabera, "Osakidetzak ez du inor atzean utziko". "Lehentasuna covid-19a da, baina Euskadin osasun-laguntza behar duen pertsona orok izango du. Horretaz ez dago zalantzarik ", gaineratu du.

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak egungo osasun-egoerari buruz galdetu dio lehendakariari. "Osasun-sistema behar bezala prestatuta ez edukitzea ez da onargarria", esan du. "Ez da onargarria, ezta ere, irrealtzat jotzea pandemiak behera egiten zuelako kaleratu ziren errefortzuko 4.000 osasun-langileak berriro kontratatzeko egin genuen proposamena", gaineratu du.

"Osasun publikoa indartzeko, erantzukizun guztia herritarren esku ez uzteko eta Eusko Jaurlaritza gisa duen erantzukizuna bere gain hartzeko" eskatu dio lehendakariari.

Lehendakariak Gorrotxategiri erantzunez adierazi duenez, pandemiaren egoerak "kezkagarria" izaten jarraitzen du, eta gogorarazi du Gabonei begira Eusko Jaurlaritzak Gabonetako ospakizunetan bildu beharko luketen gehienezko pertsona kopuruari buruzko "gomendioak" jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztuko duela.

Ildo horretan, arrisku-egoerak saihesteko deia egin die lehendakariak herritarrei, familia-nukleo desberdinetako pertsonen arteko ospakizunak saihestuta, esaterako.

"Familia-ospakizunak murrizteko eta mugatzeko gomendioa egingo dugu, pertsona kopuru mugatu batekin eta osaera aldatu gabe", azpimarratu du.

Urkulluk zehaztu du pandemia "mundu guztia hankaz gora" ari dela jartzen, eta, aurrekoetan esan bezala, neurri berriak hartu beharko liratekeela erantsi du, baina "Eusko Jaurlaritzak ez du eskumen zuzenik erabaki horiek hartzeko", gaineratu du. "Neurriak hartzeko ditugun legezko mugak kontuan izan behar ditugu", adierazi du.

Horregatik, Espainiako Gobernuari eta Europari "erabakiak" hartzeko eskatu die, eta adibide gisa jarri du maskara beti erabiltzearen aldekoa dela, "baita kanpoaldean ere", baina gogorarazi du Pedro Sanchezen Gobernuak errege-dekretu bat aldatu behar duela neurri hori zehazteko. "Behin baino gehiagotan eskatu dugu, eta Munduko Osasun Erakundea ere ari da eskatzen", adierazi du.

Halaber, azpimarratu du Osakidetza lanean ari dela hirugarren dosia zabaltzeko eta 12 urtetik beherakoei txertoa "ahalik eta azkarren" jartzeko. "Txertaketa-ekipoak handitu ditugu", jakinarazi du.

Era berean, adierazi du Gobernua lanean ari dela positibo berriak bilatzeko, "kasuen eta kontaktuen test arakatzaile gehiagorekin". Horretarako, hitzordu diagnostikoetarako eta testak egiteko "ekipoak indartzeko" puntuak gehitu direla azaldu du. "Bilaketa-sareko ekipoak bikoiztu ditugu", jakinarazi du.

Covid ziurtagiria "posible eta erabilgarria den eremu guztietara" hedatzea da, horren arabera, beste neurrietako bat. "Txertaketaren eraginkortasuna indartzeko estrategia da hau", adierazi du.

Horrez gain, adierazi du Euskadik Lurraldearteko Osasun Kontseiluan jarraituko duela kanpoaldeko maskararen derrigortasuna indartzeko edo kirol-ekitaldietan edukiera mugatzeko proposamena egiten. "Nolanahi ere, maskara beti erabiltzeko borondatezko konpromisoa eskatzen dugu, barruan zein kanpoan", gogorarazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)