Itxi

uholdeak

Espainiako Gobernuak hondamendi eremu izendatu du Nafarroa, uholdeengatik

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ministroen Kontseiluak uholdeek larriki kaltetutako eremu izendatu du Nafarroa. Gainera, Euskadi sartu du neurrien eta laguntzen paketean, uholdeek eragindako kalteak direla eta.

Nafarroarekin batera, Euskadi lagunduko du Ministroen Kontseiluak, uholdeen ostean. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak uholdeek larriki kaltetutako eremu izendatu du Nafarroa; Aragoi, Asturias, Kantabria eta Errioxako erkidegoekin batera.

Ministroen Kontseiluak kalteak zenbatetsi ditu eta, eskuragai dagoen informazioaren arabera, neurria ezartzea justifikatuta dago, eragindako kalteen behin-betiko zenbatespen baten faltan.

Hondamendi eremu izendapenak kaltetutako erkidegoei baimenduko die kalte pertsonalak zein materialak arintzera bideratutako neurri- eta laguntza- sorta jasotzea.

Euskadik Gobernuaren laguntzak jasoko ditu uholdeengatik

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa barne hartzen du Ministroen Kontseiluak martxan jarritako neurri-sortak.

Erkorekak nabarmendu du ikusteko daudela oraindik neurriek eta laguntzek Euskadin uholdeek kaltetutakoei ekarriko dizkieten onurak. Laguntza horiek onartu ostean, Eusko Jaurlaritzak "ez du baztertzen" ordain mekanismo gehigarri bat martxan jartzea, aurreko uholdeetan egin bezala, 2008an eta 2015ean.

Era berean, Segurtasun sailburuak azpimarratu du lanetarako plana "etengabe eguneratzen" ari dela URA agentzia, aurreikusitako ekintzetako askori heldu zaiela jada, eta horrek baimendu duela oraingoan zenbait eremu urpetu ez izana.

Euskadin azken asteotako euri-zaparrada bortizek kaltetutako pertsonek 10.320 eurorainoko laguntza publikoak eskatu ahal izango dituzte, ohiko etxebizitzaren egituraren kalteengatik.

Bideoak (1)

Audioak (1)