Koronabirusa
55 urtetik gorako herritarrek gaurtik eskatu ahal izango dute errefortzu-dosia jasotzeko hitzordua
Eitb Media
Astearte arratsaldetik aurrera zabalduko dute aukera hori Osakidetzaren webgunean, 55 urtetik gorakoentzako. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak txertoa jartzeko eskatu die herritarrei.
Your browser doesn’t support HTML5 video
55 eta 59 urte bitarteko pertsonek gaur arratsaldetik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua Osakidetzaren webgunean covid-19 txertoaren errefortzu-dosia jasotzeko, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur jakitera eman duenez.
Herritarrei txertoa hartzera joateko eskatzearekin batera, eskatu die Osakidetzaren aginduei jarraitzeko eta "bihar arratsaldera arte itxaroteko webgunearen bidez hitzordua eskatzeko".
Sailburuak Legebiltzarreko batzordean egindako asteroko agerraldian egin du iragarpena, eta azaldu du bere saila lanean ari dela AstraZenecarekin immunizatutako pertsonentzako errefortzu-dosiak jartzeko antolaketan.
Emandako datuen arabera, 60 urtetik gorakoen % 79,6k badu dagoeneko errefortzu-dosia. 6 eta 11 urte bitarteko neska-mutikoei dagokienez, joan den asteazkenean hasi ziren haiei txertoa jartzen, eta 15.269 dosi jarri dituzte jada, lehen dosia jaso duten horietatik 1.644k dosi bakarra beharko dute, gainera, infekzioa pasa dutelako dagoeneko.
Sailburuak nabarmendu duenez, txertaketa martxa onean doa, eta "eguneko albiste on bakarra da planifikatutakoaren arabera" doala. Izan ere, egunero 1.000 positibo baino gehiago diagnostikatzen jarraitzen direla gogorarazi du, igande honetan 1.607, hain zuzen ere.
"Ez dago aitzakiarik txertoa ez hartzeko, kutsatzeak saihesteko ezarritako neurriak ez betetzeko, eta ebidentzia zientifikoak eta esperientziak gomendatzen dituzten gomendioak ez betetzeko", azpimarratu du.