Itxi

GABONAK BILBON

Olentzero eta Mari Domingi Arriaga Antzokian izango dira abenduaren 24an

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bilbon ohiko kalejiraren ordez eskainiko den antzerki ikuskizunaz gozatzeko sarrerak bihar jarriko dira salgai, 10:00etan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bihar, asteartea, 10:00etatik aurrera jarriko ditu salgai Bilboko Udalak Olentzero eta Mari Domingiren kale-desfilea ordezkatuko duen Arriaga antzokiko antzezpenerako sarrerak; hilaren 24an hiru emanaldi eskainiko dituzte, eta zuzenean emango dute udalaren webgunetik eta sare sozialetatik. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera erosi ahal izango ditu.

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak astelehen honetan adierazi duenez, pandemia dela eta "une honetan egokiena" Olentzero eta Mari Domingiren kale-desfilea ez egitea da. Horregatik, Bizkaiko hiriburuak bertan behera utzi du kalejira, eta Arriaga Antzokian ikuskizun batekin ordezkatu du, 2020an egin moduan.

Urtasunek aurreratu duenez, hiru emanaldi izango dira, 35 edo 40 minutuko iraupena izango dute eta ez da Arriagaren edukiera osoa beteko, baina iaz baino handiagoa izango da, ia bikoiztu egingo baita. Bestalde, gurasoie eskatu die emanaldietan helduak baino haur gehiago egotea.

Bilboko Udaleko zinegotziak Olentzero eta Maridomingi hartu ditu astelehen honetan udaletxean, eta ikazkina "triste" agertu da ohiko kalejiran parte hartzerik ez duelako: "Guztioi pena ematen digu, baina hori da egin beharrekoa", gaineratu du.

Donostiak eta Gasteizek Olentzeroren desfilea abenduaren 24an mantentzea erabaki dute, segurtasun neurri osagarriekin, eta Bilbok, iaz bezala, antzerki ikuskizun batekin ordezkatuko du, covid-19aren eragina dela eta.

LABIren batzorde tekniko-zientifikoak Eguberrietako ekitaldi tipikoak eta klasikoak saihesteko gomendioa eman zuen pasaden astean, esaterako Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak, edo "gutxienez pandemia aurreko estilora ez egitea". Ospatzekotan, "ekitaldiak uneak eskatzen dituen baldintzetara" egokitzea eskatu zuen.

Albisteak (2)

Bideoak (1)