Itxi

Koronabirusa

Osakidetzak omikron aldaeraren 220 kasu atzeman ditu EAEn

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi du datua, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Oposizioak neurri prebentibo gehiago eskatu ditu, eta ziurtagiriaren eraginkortasuna zalantzan jarri du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osakidetzak omikron aldaeraren 220 kasu atzeman ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez. Euskadiko osasun arduradun nagusia Eusko Legebiltzarrean izan da, Osasun Batzordean, egoera epidemiologikoaren nondik norakoen berri eman eta talde parlamentarioen galderei erantzuteko.

Aldaera berriak gero eta presentzia gehiago du gure artean. Izan ere, duela astebete aurreneko sei kasuak baieztatu zituen osasun sistema publikoak, eta ordutik nabarmen hazi da kopurua, bi ehunekotik gora iristeraino. Sagarduik emandako datuen arabera, gaur gaurkoz kutsatzeen herenaren erantzule da omikron.

Pandemiaren gainerako adierazleen berri ere eman du Sagarduik: 324 pertsona daude ospitaleetan eta ZIUetan, gaixo larri. Horrez gain, intzidentzia tasa metatua 1.179 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Sagarduiren hitzetan, "zubiaren ondorioak pairatzen ari gara (…) Pandemiak okerrera egin du, kutsatzeak asko igo dira, eta erietxeetako presioa hazten ari da. Epe laburrera ez dugu joera aldaketarik aurreikusten".

Testuinguru horretan, "ate joka dauden Gabon jaiekin kezkatuta" azaldu da Osasun sailburuak, eta jakinarazi du LABI teknikoak gomendio sorta helarazi diela bilkura horietan izurria gehiago zabaldu ez dadin. Hala, 10 pertsona (bi familia, gehienez) baino gehiago ez biltzea aholkatu eta "platerak eta besarkadak partekatzea edo aerosolak aska daitezkeen ekintzak saihesteko" dei egin du.

Era berean, nabarmendu du "eguneko albiste on bakarra" txertaketa dela. Horren ildoan, iragarri du bihartik hasita zabalik egongo dira 55-59 urtekoentzako hirugarren dosirako hitzorduak. Halaber, 60 urtetik gorakoen ia % 80k hirugarren ziztada hartu dutela zehaztu du. Haurren txertaketari dagokionez, esan du  15.269  umek jaso dutela jada lehen dosia, 5-11 urtekoen % 8, gutxi gorabehera.

Oposizioak prebentziozko neurri gehiago eskatu ditu

Sailburuaren datu eta azalpenak jaso ostean, talde parlamentarioen ordezkarien txanda izan da (txikitik handira). Oposizioak neurri prebentibo gehiago eskatu eta covid ziurtagiriaren eraginkortasuna zalantza jarri ditu. Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietako (EAJ eta PSE-EE) ordezkariek, bestalde, Osasun Sailaren kudeaketa babestu eta gainerako indar politikoek "kritikatzeagatik" kritikatzen dituztela salatu dute.

Amaia Martinez (Vox) izan da hitza hartzen lehena. Txertaketaren alde mintzatu da, baina "norberaren askatasuna errespetatuta". Horren ildoan, covid ziurtagiria eskatzearen kontra dagoela argitu du: "Agerian geratu da ez dituela kutsatzeak kontrolatzen".

Laura Garridok (PP+Cs) eskoletako eta familien artean dagoen egoera hartu du hizpide. Osakidetzak "irizpide bakarra" ez duela salatu eta familiek kontziliatzeko dituzten arazoen berri eman du.

Elkarrekin Podemos-IUren izenean aritu den Jon Hernandezen ustez, Jaurlaritza ez da "neurri nahikoak" hartzen ari, eta hartzen dituenak "berandu" datozela erantsi du. Horren aburuz, "garrantzi larregi ematen ari zaio covid ziurtagiriari".  

Rebeka Uberak (EH Bildu) salatu du prebentzio neurriak falta direla, eta "neurri murriztaileak" alde batera uzteko eskatu dio Sagarduiri. Koalizio subiranistaren berbetan, covid pasaportea "ez da tresna baliagarri bat" eta txertaketan eragina izango duenik ere zalantzak jarri du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)