Koronabirusa
Kataluniak etxeratze-agindua ezarri, gaueko aisialdia itxi eta pertsonen topaketak mugatu nahi ditu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Murrizketak ezartzeko baimen judiziala eskatzeaz gain, Kataluniako Gobernuak telelana aplikatuko du funtzio publikoan eta etxetik lan egiteko aukera sektore pribatura zabaltzeko gomendioa egin du.
Covid-19aren kutsatzeak etenik gabe goraka doazela ikusita, Kataluniako Gobernuak ondoko neurri murriztaileak ezartzeko baimen judiziala eskatuko dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari: etxeratze-agindua, gaueko aisialdiaren itxiera eta edukieraren murrizketa (% 50ekoa ostalaritzan eta % 70ekoa dendetan, kulturan, kirol ekitaldietan eta gimnasioetan).
Etxeratze-agindua goizaldeko 01:00etatik 06:00etara ezarriko lukete eta aipatu neurriak gutxienez 15 egunerako egongo lirateke indarrean, ostiral honetatik hasita.
Horrez gain, funtzio publikoan telelana ezarriko dute eta, ahal den heinean, etxetik lan egiteko aukera sektore pribatura zabaltzeko deia egin dute.
Patricia Plaja Kataluniako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi du "orain iaz baino okerrago" daudela eta txertaketa soilik ez dela nahikoa "ziztu bizian" hedatzen ari den birusa gelditzeko.