Kargatzen...
Itxi

Elkarrizketa

Urtaran: "Ez du zentzurik Urtezahar gaueko kotiloiak ospatzeak"

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Gasteizko alkateak barnealdeko ospakizunen arriskuaz ohartarazi du, bai ostalaritzan, bai etxeetan. Olentzeroren desfilea egokitu izanak haurrei "Gabonetako ilusioa transmititu ahal izateko" bermeak ematen dituela ziurtatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak Radio Euskadiko Boulevarden egindako elkarrizketan ohartarazi duenez, azken egunetako pandemiaren bilakaera ikusita, "ez du zentzurik Urtezahar gaueko kotiloiak ospatzeak, are gutxiago espazio itxietan". Adierazi duenez, "ez da espezialista izan behar horrelako ospakizunak infekzio-foku larriak izan daitezkeela jakiteko".

Eguberrietan zuhurtzia mantentzeko beharra azpimarratu du, izan ere, "kulturagatik eta tradizioagatik, elkarreragin handiagoa izaten dugu egun hauetan, eta, gainera, are arriskutsuagoak diren leku itxietan elkartzen gara". Bere iritziz, intzidentziaren bilakaera jada ez da kurba bat, "horma bertikal bat da"; omikron aldaeraren ondorioz kasuen igoera esponentzialaren aurrean, "ikusi beharko da osasun-presioan eraginik duen, orain arte erakutsi duenaz harago; espero dezagun ezetz, horrela mantentzea eta seigarren olatu hau lehenbailehen pasa ahal izatea".

Olentzeroren zamalkadei dagokienez, alkateak esan du Gasteizen ohi bezala ez egiteko LABIren gomendioak jarraituko direla eta horretarako neurriak hartu direla: "Gabonetako Haur Parkea bertan behera utzi dugu, kabalgatetan ez da ez harrerarik ez azken agurrik izango, eta nolabait arriskutsuak izan daitezkeen egoerak, karameluena, esaterako, saihestu egingo dira; eta, gainera, ibilbideak luzatu ditugu". Azaldu duenez, "kabalgatak egokitu izanak Gabonetako ilusioa haurrei transmititu ahal izateko bermeak ematen dizkigu", azpimarratu du. Donostiako eta Bilboko desfileekiko desberdintasunei buruz galdetuta, esan duenez "hiri bakoitzak bere ezaugarrietara egokitu ditu".

Alkateak adierazi duenez, "une egokia da hau" gaueko aisialdian esku hartzeko, bereziki espazio itxietako jarduerek dakarten arrisku areagotua kontuan hartuta. Hori bai, neurriak eraginkorrak izateko, beste erkidego mugakide batzuekin koherentziaz aplikatu behar direla esan du. Hori dela eta, estatu mailan irizpide bateraturik ez izatea deitoratu du, erkidegoei beharrezkoa den "aterki juridikoa" eman ahal izateko

Albisteak (3)

Bideoak (1)