KORONABIRUSA
EAE eta Nafarroa Urtezahar gauerako neurriak zehazten ari dira
N. B. | EITB MEDIA
EAEko eta Nafarroako Osasun arduradunek, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Errioxarekin batera, kasuen gorakada geldiarazteko neurri komunak aztertzen jarraitzen dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak inguruko autonomia erkidegoekin hitz egiten jarraitzen dute, pandemiaren seigarren olatuaren positiboen gorakada geldiarazteko neurri komunak ezartzeko.
Eusko Jaurlaritza Kantabria, Gaztela eta Leon eta Errioxarekin harremanetan jarri zen atzo, Maria Chivite Nafarroako presidenteak lehendakariari deitu ostean, murrizketa komunak aktibatzeko aukera aztertzeko.
Gaur Nafarroak beste 1.942 kasu berri zenbatu ditu, eta, horregatik, Maria Chiviteren Gobernua azkartzen ari da foru aginduaren prestaketa, datozen egunetarako neurri murriztaileak barne hartuko dituena.
Foru Komunitateko Gobernuak, datorren asteari begira, barran kontsumitzea debekatzearen eta ostalaritzaren itxiera 01:00etara aurreratzearen alde egin du, edukiera % 60ra murrizteaz gain.
Neurri horiek proposatu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak Presidenteen Konferentzian. Beraz, Eusko Jaurlaritzak oraingoz ezer aurreratu ez badu ere, litekeena da neurri horiek prestatzen ari den dokumentuan ere jasotzea.
Gotzone Sagardui Osasun sailburua da autonomia erkidegoekin egiten diren elkarrizketen buru, ingurune osoan neurri komun horiek adosteko.
Ostalaritzan 01:00etan itxiera ezartzeak zuzenean eragingo die gau zaharreko kotilioiei.
Ildo horretan, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea ostalaritzan murrizketak hartzearen eta gaueko aisialdia ixtearen alde agertu da, kutsatze gehiago saihesteko. Gainera, uste du egungo egoeran ez duela zentzurik kotilioiak mantentzeak.