Itxi

Koronbirus

LABIk neurri murriztaile berriak onartuko ditu gaur, urte amaieran ezartzeko

Eitb Media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak ez du EAEko Justizia Auzitegiaren babesa eskatuko neurriak berriak -ordutegi eta edukiera murrizketak- ezartzeko, pandemiaren aurkako legearen babesa duela iritzita. LABIren bilera 16:30ean hasiko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea bihar, asteartea, bilduko da. Urtezahar eta Urteberri egunetarako murrizketa berriak ezartzea espero da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren sartuko lirateke indarrean. Ez dio, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari kontsultarik egingo, Urtezahar gauetik aurrera edukiera eta ostalaritza eta merkataritza ordutegiei eragingo dieten neurriek pandemiaren aurkako euskal legearen berme juridikoa dutela iritzita.

Iñigo Urkullu lehendakariak biharko deitu du bilera Lehendakaritzak baieztatu duenez. Hala ere, ez du zehaztu zeintzuk izango diren LABIri aurkeztuko dizkion neurriak. Gainera, Urkulluk berak hainbatetan azpimarratu duenez, "segurtasun juridikoa" izan beharko dute.

Aurreikuspenen arabera, edukieren eta merkataritza-ordutegiak eta ostalaritzako ordutegiak mugatzera bideratutako neurriak izango dira hartuko direnak, Urkulluk joan den astean Presidenteen Konferentziara eraman zuen proposamenean jasotzen den bezala: edukierak % 60ra murriztea, ostalaritzan zutik kontsumitzeko debekua eta gehienez hamar bezero mahai bakoitzeko.

Gainera, proposatu zuen abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, esaterako, 21:00etan ixtea ostalaritza eta jatetxeak, salbu eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean afariak zerbitzatuko dituzten jatetxeetan; kasu horietan 23:30ean itxi beharko dituzte.

Gasteizen izan da goizean lehendakaria, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidente eta presidenteordearen (Ana Helguera eta José Angel Quintanilla hurrenez hurren) kargu-hartze ekitaldian, eta bertan azaldu duenez, "pandemiak jarraitzen du, eta prebentzio neurri guztiei eutsi behar diegu". Azpimarratu duenez, "inguruko erkidego guztiekin neurriak adosteko ahalegina egin" du Exekutiboak, eta horiek urte amaierarako eta Urte Berri egunerako eta hurrengo egunetarako ospakizunei berrira jarriko ditu indarrean.

"Neurri hauek gogorarazten digute zuhurtzia, erantzukizuna eta konpromisoa mantendu behar ditugula. Omikron aldaera mundu osoan hedatzen ari da eta gure erantzunik onena prebentzio neurriak betetzen jarraitzea da", esan du lehendakariak.

Joan den ostegunetik Gotzone Sagardui Osasun sailburua harremanetan dago erkidego mugakideetako homologoekin neurri komunak adosteko xedez, lehendakariak Presidenteen Konferentzian defendatutakoaren haritik. 

Sei erkidegok murrizketak hitzartu dituzte

Euskadi azken egunotan harremanetan egon da inguruko erkidegoekin, ezarri beharreko neurriak erkidego guztietan antzekoak izan daitezen. Hala, sei erkidegok, besteak beste, Euskadik, Nafarroak, Aragoik, Errioxak, Kantabriak eta Asturiasek ostalaritzan, sukaldaritzan eta gaueko aisialdian ordutegiak eta mahaikideak mugatzea adostu dute, datorren Urtezahar gauari begira, koronabirusaren omikron aldaerak eragindako kutsatzeen leherketa geldiarazteko.

Komunitateek adostutako neurriak dira, baina bakoitzak bere ñabardurekin eta bere legediaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)