Koronabirusa
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak oniritzia eman dio tabernak eta diskotekak 01:00etan ixteari
Agentziak | Eitb Media
Gainera, mahaietan eserita kontsumitu beharko da eta gehienez ere 10 lagun elkartu ahal izango dira mahai bakoitzeko. Horrez gain, Covid ziurtagiria adinekoen egoitza, hotel eta gimnasioetara zabaltzeko baimena eman du.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baietsi egin du Foru Gobernuaren eskaera, eta tabernak eta diskotekak 01:00etan ixtea baimendu du, baita covid ziurtagiria adinekoen egoitzetara, hoteletara edo gimnasioetara zabaltzea ere.
Nafarroako Gobernuak aurkeztutako txostenak behin aztertuta, adostutako neurriak "kutsatzeak geldiarazteko beharrezkoak eta proportzionatuak" direla adierazi du Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, kaleratu duen autoan.
Osasun kontseilariaren 63/2021 Foru Agindua urtarrilaren 14ra arte egongo da indarrean. Agindu berriaren arabera, mahaian eserita kontsumitu beharko da, gehienez ere 10 lagunekoak izango diren taldeetan. Era berean, arautu egin beharko dira gizarte-, kultura- eta kirol-arloko ekitaldi espezifikoak eta Gabonetako jarduerak ere.
Era berean, adinekoen egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko covid ziurtagiria eskatzea baimendu du auzitegiak. Neurri hori Gizarte Eskubideen kontseilariak joan den astean onartutako foru aginduan jasota zegoen baina, orduan ez zuen ontzat jo Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, eskumen falta argudiatuta; izan ere, eskaera Osasun kontseilariak sinatuta behar zuen egon.
Hala, orain onartu da covid pasaportea arlo gehiagotara zabaltzea eta 12 urtetik gorako pertsonek ziurtagiria aurkeztu beharko dute diskoteka, dantzaleku, kafe ikuskizun, kontzertu-areto eta ekitaldi jendetsuetako baimena duten lokal eta establezimenduetan sartzeko (Osasun Ministerioaren jarduketa koordinatuen dokumentuak araututako kirol-ekitaldiak izan ezik).
Halaber, bingoetan, joko- eta apustu-aretoetan eta jolas-aretoetan, funtzio anitzeko espazioetako establezimenduetan, jatetxeetan (unibertsitateetako jantokiak eta enpresa-jantokiak izan ezik), turismo-ostatuetan (aterpetxeak, hotelak eta antzekoak), gimnasioetan eta espazio itxietan zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egiten diren instalazioetan ere aurkeztu beharko da, ez ordea antolatutako lehiaketetako kirol-entrenamenduetan.