KORONABIRUSA
Tabernak 01:00etan itxiko beharko dituzte abenduaren 29tik urtarrilaren 28ra bitartean
EITB MEDIA
Horrez gain, tabernetan, jatetxeetan eta diskoteketan zutik kontsumitzea debekatuta egongo da eta mahai bakoitzean ezingo dira 10 pertsona baino gehiago elkartu. Establezimendu guztietan edukiera % 60koa izango da. Neurri berriak asteazken honetatik urtarrilaren 28 arte egongo dira indarrean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarduera ekonomiko, sozial edo kultural guztiak, ostalaritza barne, 01:00etan amaitzeko agindua ematea erabaki du Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionalak, koronabirusagatik ematen ari diren kutsatzeen gorakada gelditzeko asmoz. Dekretua arratsaldean publikatu dute EAEko Aldizkari Ofizialean eta murrizketa berriak asteazken honetan sartuko dira indarrean eta urtarrilaren 28a arte aplikatuko dituzte.
Tabernetan, jatetxeetan eta diskoteketan, galarazita egongo da zutik kontsumitzea eta mahai batean gehienez 10 pertsona batu ahalko dira, barrualdean nahiz terrazan. Neurri honek gazteen lonjetan, txokoetan eta elkarte gastronomikoetan ere izango du eragina.
Horrez gain, edozein motatako establezimendu eta eremu itxi guztietan edukiera % 60koa izango da.
Urtezahar-gauerako edo Erregeetarako ez dute neurri berezirik ezarri azkenean, baina urtarrilaren 1ean eta 6ean, dendek eta tabernek ezingo dituzte beren ateak goizeko 08:00ak baino lehen ireki.
Ikusleak gizarte, kultur eta kirol ekitaldietan
Bestalde, ekintza sozial eta kulturaletan nahiz kirol ekitaldietan 600 ikusle batu ahalko dira barrualdean eta 800 kanpoaldean. 1.600 eta 5.000 pertsona hartzeko ahalmena duten eremuetan, berriz, 800 ikusle sartu ahalko dira gehienez barrualdean eta 1.200 aire librean.
5.000 ikusletik gorako esparruetan -futbol estadioak, adibidez- edukiera % 50era murriztu dute, baina kasu horietan Estatuak bestelako neurri bat ezartzeko eskumena izango luke.
Amaitzeko, datozen egunetako bazkari eta afarietan gehienez hamar pertsona elkartzeko gomendioa egin du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Gaur beste marka bat hautsi da Euskal Autonomia Erkidegoan kutsatzeei dagokionez; izan ere, 6.568 positibo berri detektatu dituzte. Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 2.285ekoa da 100.000 biztanleko. Ospitaleetan 357 lagun daude koronabirusak jota eta zainketa intentsiboetako unitateetan 111 paziente daude. Testuinguru honetan erabaki dute neurri murriztaile berriak ezartzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.