Eusko Legebiltzarra
Abian da ume lapurtuen auzia ikertzeko Legebiltzarreko batzordea
Erredakzioa
Ostegun goizean eratu dute batzordea eta Mertxe Agundez PSE-EEko legebiltzarkidea izendatu dute presidente.
Eusko Legebiltzarrak ume lapurtuen auzia ikertzeko batzordea eratu du ostegun goizean, 1940 eta 1990 artean izandako ume lapurretak eta legez kanpoko adopzioak ikertzeko.
Mertxe Agundez PSE-EEko legebiltzarkidea izendatu dute batzordeko presidente, Roberto Blanco PPko ordezkaria presidenteorde izango da eta Maribel Vaquero EAJko legebiltzarkidea idazkari.
Batzordea eratzeko bileraren ostean Agundezek taldearen helburua ume lapurtuen kasu "larrien" inguruan gizartean hedatutako kezkari erantzuna ematea dela azpimarratu du, baina "itxaropen faltsuak" ez sortzeko eskatu du ustezko delitu asko dagoeneko preskribatuta baitaude.
Batzordeko kideak datozen egunetan bilduko dira lan egutegia ezarri eta agerraldiak antolatzeko. Eusko Legebiltzarrak otsailaren 16an adostu zuen alderdi guztien adostasunarekin ikerketa batzordea eratzea.
Salaketak
Ume lapurtuen auziaren harira 200 salaketa aurkeztu dira EAEn, gehienak Gipuzkoan. Halaber, kasu batzuk argitu ahal izateko lau hilobi ireki dituzte.