Koronabirusaren semaforoa
EAEko herri guzti-guztiak daude gorrian, eta intzidentzia metatua 2.976koa da guztira
O.P. | EITB Media
Añana eta Munitibar ziren gaur arte berdez eusten zioten bakarrak. Araban 2.593 kasukoa da intzidentzia, Bizkaian 2.813 eta Gipuzkoan 3.298koa.
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Kutsatzeek goraka jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera.
Asteazkenean kutsatzeetan errekor berria erregistratu da, 11.712 kasu zenbatu dira eta azken 14 egunetan 100.000 biztanleko metatutako intzidentzia 2.976 kasukoa da.
Gaur gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiak gorriz margotuta daude. Añana eta Munitibar ziren gaur egun arte eremu latzenetik kanpo eusten zioten herri bakarrak, baina haietara ere iritsi dira kutsatzeak, eta, gutxi izan arren, kolorez aldatuarazi dituzten, biztanleria-dentsitate txikia medio.
Araban, intzidentzia metatua 2.593 kasukoa da, eta are handiagoa da Gasteizen, 2.668 kasu izan baitira 14 egunetan 100.000 biztanleko (1.910,22 kasu ziren, 27ko datuen arabera). Agurainen, Amurrion eta Laudion (5.000 biztanletik gorako hiru udalerrietan) 2.000 kasutik gorakoa da intzidentzia. Baina badira azken egunotan kutsatze ugari izan dituzten herri gehiago ere, Dulantzi, Aiara, Kanpezu, Iruña Oka edo Oionen, besteak beste. Añana ere gune kritikora pasatu da.
Bizkaian, intzidentzia igo egin da: astelehenean, 1.939,26 kasu izan ziren, eta gaur, 2.813 kasu 100.000 biztanleko. Munitibar ere gorriz margotuta dago. Bilbok 3.168 kasuko intzidentzia metatua du. Lekeition 4.000tik gorakoa da intzidentzia, eta 3.000tik gorakoa Abadiño, Arrigorriaga, Basauri, Berango, Derio, Elorrio, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Leioa, Markina-Xemein, Ortuella, Sopela eta Zornotzan.
Gipuzkoa da lurralde zigortuena, eta 100.000 biztanleko 3.298 kasukoa da intzidentzia (astelehenean 2.305 ziren). Donostian 3.026koa da intzidentzia metatua (astelehenean baino 1.000 gehiago), izan ere, azken egunetan kasu kopuruak nabarmen egin du gora. Oñatin 7.595 kasukoa da intzidentzia metatua; Aretxabaletan 5000tik gorakoa eta hainbat herritan 4.000 kasu baino gehiagokoa: Arrasate, Azpeitia, Eskoriatza, Legazpi, Tolosa, Urretxu eta Villabona.
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.