Itxi

KORONABIRUSA

132 eta 80 positibo zenbatu dituzte Bizkaiako eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

EITB Media

Leer en Castellano

Bizkaian, kutsatzeak hirukoiztu egin dira hiru egunetan eta 20 pertsona dauden covid-19arekin ospitaleratuta. Gehienek lehendik beste patologia batzuk dituzte. Gipuzkoan 34 egoiliar daude koronabirusaren erreferentziazko zentroetan.

Langile bat eta adineko bat Gipuzkoako adinekoen egoitza batean. Artxiboko argazkia: EFE

Bizkaiko eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 132 eta 80 positibo aktibo daude, baina azken egunetan ez da inor hil koronabirusagatik. Bizkaiaren kasuan, kutsatzeak hirukoiztu egin dira hiru egunetan eta 20 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte. Gehienek aurretiazko patologiak ere badituzte. Gipuzkoan, 34 egoiliar daude koronabirusaren erreferentziazko zentroetan. 

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 132 kasu aktibo zeuden Bizkaiko adinekoen egoitzetan abenduaren 30ean. Horietatik, 13 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte. Hala ere, azken egunetan ez da inor hil.

Duela urtebete, 2020ko abenduan, Bizkaiko egoitzetan 120 positibo zeuden, aurten baino 12 gutxiago; 31 ospitaleratuta zeuden, eta 20, berriz, aurten. Epe horretan bi pertsona hil ziren iaz.

Gaur egun, Bizkaiko adinekoen egoitzen sarean dauden 154 zentroetatik 29tan sartu da birusa.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 80 positibo zenbatu dituzte eta ez da inor hil, atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera.

Hauek dira positiboak dituzten egoitzak: Zumaiako San Juan (15), Donostiako San Ignacio (14), Aldakonea (8) eta Rezola (2), Mutrikuko San Miguel (6), Zestoako San Juan (3) Errenteriako Sagrado Corazon (2), Zumaiako Otezuri (1), Tolosako Uzturre (1), Lasarteko Atsobakar (1) eta Donostiako Berra (1).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)