Koronabirusa
Hiru hildako Nafarroan, 1.809 kasu berri izan diren egunean
O. P. | EITB Media
Positibotasun tasa % 51,2koa da Nafarroan. Kasu berrien kopurua duela 7 egun hautemandakoa (1.098) eta duela bi aste zenbatutakoa (537) baino handiagoa da. 188 lagun daude ohe arruntetan eta 24 ZIUetan covid-19ak jota.
Hiru lagun hil dira azken orduotan Nafarroan covid-19aren eraginez. 3.534 proba eginda, 1.809 kasu hauteman dira, eta, ondorioz, positibotasun-tasa % 51,2koa da.
Kasu berrien kopurua duela astebete hautemandakoa (1.098) baino handiagoa da, eta hirukoiztu egiten du duela bi astekoa (537). Hala ere, igandean zenbatutakoak aurreko asteko lanegunetan zenbatutakoen azpitik badaude ere (4.476 asteazkenean, 4.413 ostegunean eta 3.350 ostiralean), kontuan izan behar da asteburuetan eta jaiegunetan proba gutxiago egiten direla. Beraz, Gobernuak asteartero ematen dituen datuen zain jarraitu beharko dute kutsatzeen benetako joera zein den ikusteko.
Iruñean 491 kasu zenbatu dituzte, horietatik 68 Arrotxapean eta 62 II. Zabalgunean. Hiriburutik kanpo nabarmentzekoak dira Tuterako 74 kasuak, Sarrigurengo 73ak edo Tafallako 54 kasuak.
Ospitaleetan 188 gaixo daude ohe arruntetan (160 ziren larunbatean) eta 24 daude ZIUetan; zainketa berezien unitateetan, bi gaixo sartu dituzte azken orduotan.
Txertaketari dagokionez, atzo 2.400 dosi jarri zituzen. Guztira 1.232.996 pertsonak jaso dute dosiren bat, eta 538.525 herritarrek dute pauta osoa Nafarroan.