Itxi

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatua 4.469 kasuraino igo da Euskadin, eta ospitaleetako presioa ere igo egin da

N. B. | EITB Media

Leer en Castellano

EAEko ospitaleetan 132 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan eta 560 gela arruntetan.

Osasun langileak Basurtuko Ospitaleko ZIUan paziente bat artatzen. Argazkia: EFE.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 4.469,95 kasuraino igo da, ostegunean 2.976,39koa izan ondoren.

EAEko ospitaleetan, berriz, covid-19a duten 132 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) eta 560 gela arruntetan, ostegunean, Euskadin covid-19aren berri jaso zuen azken buletinean, baino 105 eta 23 gehiago, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, guztira 9.472 covid-19 kasu atzeman dituzte igande honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ia 26.000 proba diagnostiko egin ondoren. Aurreko osteguneko datuarekin (11.712) alderatuta, positibo gutxiago dira. Hala ere, oraingoz ez dago Euskadiko egoera pandemikoa hobetu dela erakusten duen adierazlerik.

Gainera, abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra bitarteko astean 35 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz, aurreko zazpi egunetan baino bost gehiago.

Asteko positiboak abenduaren 20tik 26ra bitarteko 30.753 izatetik abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra bitarteko 67.573 izatera igaro dira, hau da, % 119,7ko igoera izan da.

Aldi berean, intzidentzia-tasa metatuak ere gora egin du, astebetean 100.000 biztanleko 2.076 kasutik (abenduaren 26an) igande honetan 4.469,95 kasura (bikoitza baino gehiago) igaro baita. Hiru lurraldeetan jarraitu du goranzko joerak. Horrela, Gipuzkoak 5.000ko (5.130,35) langa gainditu du, ondoren Bizkaiak 4.245,09 kasu ditu eta Arabak 3.485,37.

Kutsatze gehien izan dituzten adin-tarteak 40-49 urtekoak (1.877 kasu) eta 50-59 urtekoak (1.733 kasu) izan dira azken egunean. Horren azpitik egon da 20-29 urteko taldea, 1.434 positiborekin; hala ere, talde hori 14 eguneko intzidentzia metatuaren buruan dago 8.705,83 kasu izan baitira 100.000 biztanleko.

Datu positibo moduan, hiru egun daramatza beherantz R0 zenbakiak (infektatu batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen erakusten du). Atzo 1,45ekoa izan zen, hilaren 30ean 1,63koa izan ondoren.

Lurraldez lurralde aztertuta, hiruretan jaitsi da: Gipuzkoan 1,54koa da, Bizkaian 1,41ekoa eta Araban 1,34koa.

62 positibo eta heriotza bat Gipuzkoako egoitzetan

Bestalde, azken lau egunetan, Gipuzkoako erresidentzietan, 62 adineko kutsatu dira, bat hil egin da eta sei sendatu dira, Foru Aldundiak jakinarazi duenez.  

Positibo gehienak Oñatik San Martin egoitzan (9), Donostiako Aldakoenean (8) eta Miramongo Sanitasen (8) antzeman dituzte.

Egun, 135 adineko daude covid-19arekin kutsatuta Gipuzkoako 65 egoitzetan.

Azaroaren 29tik, bost pertsona hil eta 50 sendatu dira.

Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek ez dute beren erresidentzietako egoeraren datu eguneraturik eman.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)