Itxi

KORONABIRUSA

Pandemiak okerrera egiten jarraitzen du Euskadin, 11.572 kutsatze gehiago erregistratu baitituzte

N. B. | EITB Media

Leer en Castellano

14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 4.898 kasura igo da, eta ospitaleetako presioak gora egiten jarraitzen du: 567 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratuta eta 132 zainketa intentsiboetako unitateetan. Gainera, plantako ospitaleratzeetako bi eta ZIUetako bi pediatrikoak dira.

Jendea kalean maskararekin. Argazkia: EITB Media.

Intzidentzia metatuak, positiboek eta ospitale-presioak gora egiten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Omikron aldaeraren agerpenak, Gabonetan interakzio sozialak ugaritzearekin batera, kutsatzeen kopuruan "goranzko joera" ekarri dute, astelehen honetan 11.572 positibo berri izan baitira, hau da, egindako 29.317 proba diagnostikoen % 39,47ko positibotasuna, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez.

Intzidentzia-tasa metatua 2.613 puntu igo da astebetean, eta 100.000 biztanleko 4898,55koa da.

Ospitaleetan 567 pertsona daude gela arruntetan, duela astebete 357 zirenean. Gaur egun, zainketa intentsiboetako unitateetan 132 pertsona daude, eta aurreko asteko asteartean 111. Gainera, plantako ospitaleratzeetako bi eta ZIUetako beste bi pediatrikoak dira, eta, beraz, ohartarazi du "arriskua benetakoa" dela, "adina edozein dela ere".

Gainera, Sagarduik azaldu duenez, zainketa intentsiboetako 302 oheetatik % 44 covid pazienteek betetzen dituzte.

Sailburuaren arabera, albiste positibo bakanetako bat da Euskadin covid protokoloan izandako aldaketek presioa murriztu dutela Lehen Mailako Arretan, baina "tentsionatuta" jarraitzen duela esan du. "Omikronek, eta dirudienez larritasun txikiagoa duela, batez ere txertaketa-jarraibide osoa duten pertsonengan, ez gaitu engainatu behar, ehunekotan gutxiago izango dira, baina ospitaleetako inpaktuak gora egiten jarraitzen du", adierazi du.

Beraz, "egoera ona ez dela" azpimarratu du Sagarduik eta esan du ez dutela aurreikusten noiz gerta daitekeen joera aldaketa.

Flurona kasuen aukerari dagokionez, Sagarduik adierazi du "segur aski" egongo dela covid-19a igaro eta gripea ere izango duen pertsonarik. Zehaztu duenez, omikrom aldaera da nagusi Euskadin, kasuen % 80 baino gehiagorekin, baina deltak ere jarraitzen du.

Txertaketa

Sailburuaren esanetan, txertoak beste albiste on bat izaten jarraitzen du, "argi baitago covid-19aren eragina askoz txikiagoa dela behar bezala babestutako pertsonengan".

Osasun Sailaren datuen arabera, sendotze-dosia duten 90 urteko pertsonen ehunekoa % 93,6koa da. 60 urtetik gorakoentzat % 87,6koa da ehunekoa, eta 40 urtetik gorakoentzat % 57,2koa.

12 urtetik beherakoei dagokienez, % 34,9k covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat dute. Gainera, Sagarduik esan du Osakidetzak astelehenean jasotako txertoak 36.000 dosi gehiago direla bost eta 12 urte bitarteko haurrentzat, eta gurasoei txertoa jartzeko deia egin die, "ikasturtearen hasiera hobea izan dadin lagunduko duelako".

Egoitzen egoera

Koronabirusak hildakoak utzi ditu berriro Bizkaiko adinekoen egoitzetan, azken egunotan bi egoiliar hil baitira covid-19arekin, Aldundiak astearte honetan jakitera eman duenez.

188 erabiltzailek baieztatu dute positibo eman dutela (132k urte amaieran), eta ia guztiak sintomarik gabekoak dira.

Beste 26 ospitalean daude covidarekin. Aldundiaren arabera, ospitaleratutako pertsonek aurretiko patologiak dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)