Itxi

Koronabirusa

Lehen Arretak gainezka eginda, Osakidetza jubilatutako medikuak eta erizainak kontratatzen hasi da

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Pandemiaren seigarren olatuarekin osasun zentroak kolapsatu egin dira eta 1.640 profesionalek baja hartu behar izan dute covid-19agatik. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jubilatuta dauden medikuak eta erizainak kontratatzea erabaki du.

Gateizko osasun zentroko langileen protesta. Artxiboko argazkia: EFE

Omikron aldaerarekin kutsatzeen kopurua etenik gabe ari da egiten goraka, Lehen Arreta zerbitzua kolapsatuta dago eta ospitaleetan presioa areagotzen ari da. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan eta ospitaleetan lan egiten duten 41.000 profesionaletatik 1.640 bajan daude, covid-19ak jota.

Testuinguru horretan eta presioa arintze aldera, Osakidetza jubilatuta dauden medikuak eta erizainak kontratatzen hasi da. Besteak beste, medikuek bajak tramitatzen lagunduko dute eta erizainak koronabirusaren aurkako txertoak jartzen arituko dira.   

Espainiako Gobernuak joan den astean onartu zuen erretiroa hartutako profesionalak berriro kontratatzeko aukera ematen duen lege-dekretua, pandemiaren seigarren olatuari aurre egiteko salbuespeneko neurri gisa.

Ezohiko araua 2022a amaitu arte egongo da indarrean. Beraien borondatez lanera bueltatzen diren jubilatuek gainerako profesionalen lan-baldintza berberak izango dituzte eta kontratazio horrek ez du inolako eraginik izango euren pentsioan.

Albisteak (2)