Koronabirusa
Melchor, Gaspar eta Baltasarrek magia eta ilusioa banatu dituzte covid-19ari aurre egiteko
EITB MEDIA
Milaka ume hurbildu dira Maiestateak ikustera bertan behera geratu ez diren desfileetara.
Omikronek eragindako kutsatzeen gorakada etengabearen ondorioz, Errege Magoen desfileak egin behar ote ziren zalantzan jarri zen duela gutxi, baina, azkenean, Euskal Herriko udalerri gehienetan izan dira Errege Magoak asteazken honetan, magia eta ilusioa banatuz.
Errege Magoek desfile tradizionala egin dute arratsaldean Donostian, iaz covid-19aren pandemiak bertan behera utzi ondoren. 100 bat pertsonako lagun-talde murritzarekin ohi baino ibilbide luzeago egin dute Gipuzkoako hiriburuan, jende pilaketak saihesteko.
Haurren gutunak Alderdi Ederren jaso ondoren, Errege Magoek desfilea egin dute hiriko kaleetan, Boulevardetik Pio XII.aren plazara, Amara auzoan, eta buelta.
Ibilbide osoan zehar milaka ume hurbildu dira Maiestateak ikustera. 20:00ak aldera ibilbidea bukatu dute.
Era berean, ehunka umek Melchor, Gaspar eta Baltasar hartu dituzte Iruñean, pandemiaren eraginez bi urteko itxaronaldia atzean utziz.
Errege Magoek Arga ibaia 16:00etan zeharkatu dute, Iruñeko Alde Zaharrera Frantzia portaletik sartzeko. Bitartean, La Pamplonesa musika taldeak Gabon-kantak jo ditu Udaletxe plazan.
Behin plazan, Udalbatzak Erregeak agurtu ditu. Ondoren, maiestateak eraikineko balkoira igo dira, udaletxeko lehen solairuan, umeak agurtzeko eta etxe guztietara helduko direla ziurtatzeko.
Melchorrek adierazi duenez, "esfortzu handia egin dugu, hiri zoragarri honen bisita ezin genuelako galdu, etxe guztietara iritsiko gara". Umeen harrera eskertu du euskaraz zein gaztelaniaz.
Haurrek ikasi, obeditu eta nota onak atera behar dituztela esan du Baltasarrek, hitza hartu duenean: "Ni natorren lekuan txikiek ezin dute ikasi covidaren eraginez; onak izan behar zarete".
Gasteizen 19:00etan hasi da desfilea, Herrandarren kalean, Jesus Guridiren bidegurutzean, eta Los Herran, Errege Katolikoak, Simon de Anda, Basoa eta Gasteiz hiribidetik igaro da, Justizia Jauregiaren ondoan amaitzeko.
Ibilbide berria kale zabalagoetatik igaro da, Zabalgunetik urrun, eta ohiko trazadura baino 700 metro gehiago izan ditu.
Bilbon, Errege Magoek musika ikuskizun bat prestatu dute desfilearen ordez. Lau emanaldi izan ditu Bilbao Arenan.
Emanaldi bakoitzaren aforoa 1.500 pertsonakoa izan da; beraz, 6.000 bilbotarrek ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute.