Itxi

KORONABIRUSA

Eskolara itzultzeko protokoloa: musukoa derrigorrezkoa eta lehiaketarik ez eskola kirolean

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Berritasunen artean daude, besteak beste, musukoaren erabilera itzuliko dela Bigarren Hezkuntzako jolastokietara edota burbuila ikasgela osoa izango dela berriro ere.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Dagoeneko bidali dute EAEko ikastetxeetara covid-19aren aurrean jarduteko protokolo eguneratua. Berritasunen artean daude, besteak beste, musukoaren erabilera itzuliko dela jolastokietara edota burbuila ikasgela osoa izango dela berriro.

KONTSULTATU HEMEN: Hezkuntza protokolo berria

Eskolaz kanpoko jardueretan ere, aldaketak izango dira. Burbuilari eutsi beharko zaio, egoera epidemiologikoak hobera egin bitartean. Eskola-kirolari dagokionez, berriz, soilik entrenamenduak egingo dira, lehiaketarik ez, eta, ahal dela, kanpoaldean edo ondo aireztatutako barrualdeetan egingo da.

Neurri horiek guztiak pandemiaren bilakaeraren arabera alda daitezke, eta aurreko ikasturteko protokoloetan jasotako egoeretara itzuli.

Gabonen ostean ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzuliko direla baieztatu ostean, asteazken honetan jaso dute EAEko ikastetxeek covid-19aren aurrean jarduteko protokolo eguneratua.

Maskara nahitaez erabili beharko da, distantzia edozein dela ere, baita jolastokietan ere. Urrian maskarak kendu ziren aisialdiarako, eta kanpoaldean Bigarren Hezkuntzarako (distantzia zainduta, bazkaltzeko eta jarduera fisiko bizia egiteko).

6 urtetik beherakoek (Haur Hezkuntza), Hezkuntza Bereziko gela egonkorrek eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako ikasleek ez dute musukoa eraman beharko. Dena dela, 6 urtetik beherakoei autobusean maskara erabiltzea gomendatu dute.

Ikasgela barruko taldeen antolaketari dagokionez, burbuila-taldeak edo Bizikidetza Egonkorreko Taldea (BET) itzuliko dira: tutorearekin batera ikasle-kopuru mugatua duen ikasgela burbuilatzat hartuko da berriro. Urrian, maila bereko ikasgela desberdinetako ikasleekin kanpoan elkarreragiteko aukera ireki zen. Orain ez.

Hezkuntza Sailak azaldu duenez, ez da beharrezkoa izango goizetan ikasleei tenperatura hartzea. Norberaren erantzukizunari helduz, etxean bertan tenperatura hartzea gomendatu du.

Birusaren intzidentzia-tasa altuak ikastetxeei zuzenean eragiten die, eta horietan, hala ere, aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko helburuari eutsi nahi izan dio Hezkuntza Sailak.

Horregatik, Gabonetako oporretatik itzuli ondoren, indarrean dagoen Protokolo Orokorra zorrotz betetzeko eskaria egin dute, eta, aldi berean, funtsezko alderdi batzuk (kontaktuak mugatzearekin eta espazioak aireztatzearekin zerikusia dutenak, esaterako) indartu egin dituztela jakinarazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)