Koronabirusa
40-49 adin tarteko pertsonei hirugarren dosia jasotzeko hitzorduak ematen hasi dira Nafarroan
Agentziak | EiTB Media
Babesa indartzeko dosia datorren astean hasiko dira ematen, datorren astelehenean, hain zuzen ere.
40 eta 49 urte arteko herritarrak covid-19aren aurkako hirugarren dosirako hitzordua jasotzen hasi dira gaur Nafarroan. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, datozen egunetan SMS mezu bat jasoko dute hitzordua zehazteko.
Adin tarte horretan babesa indartzeko dosia datorren astean hasiko dira ematen, datorren astelehenean, hain zuzen ere, Foru Gobernuak ohar batean iragarri duenez.
Hala ere, txertaketa beste prebentzio neurriekin laguntzeko beharra errepikatu du Foru Exekutiboak, maskara eta pertsona arteko distantzia fisikoarekin esaterako. Nafarroan covid-19aren intzidentzia oso handia da; izan ere, iragan astearekin alderatuta, % 107 egin du gora. 25.258 positibo baieztatu dituzte, Nafarroako biztanleriaren % 3,8.
Zenbakietan omikron aldaeraren hedapen azkarrak "modu erabakigarrian" eragin du. Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia laborategiak azken zazpi egunetan egindako zorizko laginketan positiboen % 86 omikron aldaerakoak direla baieztatu du.
Gainerako adin tarteetako hirugarren dosiari dagokionez, 60-69 urteko taldean hitzordua dutenen edo txertatuen portzentajea % 80koa da; eta 50-59 adin tartean hirugarren dosia jaso dute herritarren % 21ek, eta % 73k hitzordua dute dagoeneko.