Koronabirusa
Ipar Euskal Herriko 12 urtetik gorakoek txertatuta egon beharko dute toki publikoetan sartzeko
Agentziak | EITB MEDIA
Frantziako Asanblea Nazionalak covid pasaportearen testuaren moldaketa onartu du eta aurki taberna, jatetxe eta garraiobide publikoetan sartzeko ez da
Frantziako Asanblea Nazionalak covid pasaportea txertaketa pasaporte bihurtzeko lege proiektua onartu du bart. Ondorioz, aurki Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantseseko txertatu gabekoek ezingo dute taberna, jatetxe eta bestelako leku publikoetan sartu. Orain arte, inokulatuta egotea ez zen beharrezkoa tokiotara sartzeko, nahikoa zen proba negatibo bat aurkeztea.
214 aldeko boto, 93 kontra eta 27 abstentziorekin onartu dute lege proiektua. Ekimenak polemika sortu du, eta bide malkartsua izan du, aurrez birritan bertan behera utzi behar izan dutelako bozketa.
Asanbleak onartuta, Senatura pasatuko da orain testua, baina Asanbleak onartuko beharko du behin betikoa. Frantziako Gobernuak urtarrilaren 15erako indarrean nahi zuen, baina litekeena da apur bat atzeratzea.
Aldaketarekin, 12 urtetik gorakoek covid-19aren kontrako txertaketa pauta osoa dutela frogatu beharko dute aisialdiko ekitaldietara, jatetxeetara, azoketara eta garraiobide publikoetara sartzeko. Ospitaleetarako sarbidea izango da salbuespen bakarra: osasun zentroetara sartzeko test negatiboak balekoa izaten jarraituko du.
Eztabaida, birritan atzeratuta
Astelehenean, lege proiektuaren lehen eztabaidan, oposizioko diputatuek gehiengoaren ausentzia baliatu zuten bozketa bertan behera utzi eta eztabaida gauean zehar luzatzea saihesteko. Asteartean, Emmanuel Macron presidentearen adierazpenek hautsak harrotu zituen (txertoa jaso gabe zeudenak "izorratu" nahi zituela onartu zuen), eta eztabaida bigarrenez utzi zuten bertan behera. Atzo, asteazkenarekin, Jean Castex lehen ministroa igo zen tribunara, giroa lasaitzera.
Koronabirus kasuek eztanda egin dute Frantziako Estatuan. Asteartean 332.252 positibo berri zenbatu zituzten, eta oraindik ere bost milioi pertsona daude ziztatu gabe. Erietxeen egoera tenkatzen ari da, gainera: 20.688 gaixo daude gela arruntetan, (502 gehiago egun bakarrean) eta horietatik 3.695 ZIUetan daude, larri.