Itxi

Koronabirusaren semaforoa

Bilbok eta Donostiak 6.000 kasuko intzidentzia gainditu dute

L.Z. | EITB Media

Ostegunekoak baino okerragoak dira gaurko datuak EAEko hiriburuetan. Gasteiz ez da oraindik 6.000 kasuko langara iritsi, baina 5.545ean du astelehen honetan intzidentzia Arabako hiriburuak (Bilbok 6.422an eta Donostiak 6.543an).

Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Intzidentzia metatuak goraka jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. Zehatz esanda, 6.600 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Gaur gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek eremu latzenean jarraitzen dute, eta guztik eremu gorrian daude. 

Araban, intzidentzia 5.298 kasukoa da (4.766 kasu ziren ostegunean), eta 5.000tik gora biztanle dituzten herrietan, Laudion salbu, 5.000 kasuren muga gainditu da.

Bizkaian, asteleheneko 5.600 kasuetatik gaur 100.000 biztanleko 6.484 kasura igo da intzidentzia metatua. Bilbok 6.422 kasuko intzidentzia metatua du. Gainera, Gernikak eta Lekeitiok 8.000 kasuren muga gainditu dute.

Gipuzkoa da oraindik ere lurralde zigortuena. 7.175 kasukoa da gaur (ostegunean 6.287 ziren). Donostiak 100.000 biztanleko 6.543 kasuko intzidentzia metatu du (5.632 zen hilaren 6an). Bergaran (14.596 biztanle), 14 egunetan metatutako intzidentzia 9.829 kasukoa da. 5.000 biztanletik gorako EAEko udalerrien artean intzidentziarik altuena duen udalerria da. Gainera, Aretxabaletan, Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Oñatin, Ordizian eta Urretxun 8.000 kasu baino gehiago izan dituzte 14 egunetan

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)