Itxi

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak baztertu egin du itxialdi desberdinak ezartzea txertoa jaso duten eta ez duten haurrei

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak adierazi du "herritar guztiei ezartzen zaien arau orokorra" jarriko zaiela.

Ikasleak. Argazkia: Irekia

Pilar Alegria Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak baztertu egin du berrogeialdiek iraupen desberdina izatea txertoa jaso duten eta jaso ez duten haurrentzat. Alegriaren hitzetan, "herritar guztiei ezartzen zaien arau orokorra ezarriko zaie".

"Txertatze portzentaje handiena dugu, eta ikasleen berrogeialdiari dagokionez, protokoloa ikasturte hasierako bera izango da, emaitza onak ematen ari baita. Duela pare bat egun aurrez aurreko eskolak berreskuratzea erabaki genuen; berrogeialdiei buruz, 10 egunetik 7ra murriztea", gaineratu du Hezkuntza arduradunak, ikasleei "herritar guztiei ezartzen zaien neurri bera" jarriko zaiela berretsi aurretik.

Irakasleen bajei dagokienez, azpimarratu du erkidegoak azarotik ari direla lantzen jokatzeko modua, eta, horren ustez, berrogeialdia murrizteak txikitu egingo du "irakasleen falta".

Astelehenean ikasle guztiak ikastetxera itzuliko direla eta, ministroak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du: "Eskolak eremu eta zentro seguruak dira".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)